Euskalbar berriak ekarriko duena
Euri dezente egin du apirilean Euskalbar 2.1 argitaratu genuenetik eta ordutik hona ez zaio inolako funtzionaltasun berririk gehitu. 2.2 bertsioa duela bi aste atera genuen baina presazko kontu modura, hain zuzen sareko Elhuyar hiztegiak aldaketak izan baitzituen.
Apiriletik hona garapenak aurrera jarraitu du eta horretan jarraitzekotan gara. Urte hasieran Asier Sarasua Garmendiak (eta ez Aranberrik) Euskalbarren garapenarekin jarraituko ez zuela esan arren, uda partean monoak jota berriro hasi da lanean. Azken hilabete hauetan Asier eta bion artean egindako lanaren aurrerapena duzue hau.
Ezaugarri berriak
Estatistika lokalak
Hiztegi batean bilaketa bat egiten den aldiro hiztegi horri dagokion kontagailu sinple bat inkrementatuko da. Horrela, kuriositate modura gehien erabiltzen ditugun hiztegiak zerrendatuta izango ditugu estatistiken leihoan —Aukerak menutik atzigarria—. Nahi denean kontagailu guztiak berrezar daitezke zerora jarriz.
Etorkizunera begira ezaugarri hau hobetzekotan gara, bilaketa-kopuruaren arabera informazioa ordenatzeko aukera emateko adibidez. Gainera, estatistikak eremu global batera eramateko asmoa ere esku artean daukagu, erabiltzaile guztien datuak gune bakarrean biltzeko eta informazio-iturri gisa. Hala eta guztiz ere pribatutasuna errespetatze aldera honek erabiltzailearen baimena beharko luke.
Hiztegi gehiago
Pixkanaka-pixkanaka barra hiztegiz betetzen ari zaigu. Oraingoan CorpEus, Intza, Adorez eta UZEIren sinonimoen hiztegiak eta Bergaraldeko hiztegia dira gehitutakoak. Honez gain hiztegien menuan ohiko eguneraketak egin dira, ez dabiltzan hiztegiak kendu eta berriak gehitu.
Pertsonalizatzeko aukerak
Aukera berri asko eman baino pertsonalizatzeko aukerak zabaldu ditugu, erabiltzaileak gustura lan egitea garrantzitsua baita. Pertsonalizazio mailari begira ideia gehiago buruan ditugun arren, lortutako emaitzekin gustora gaude.
Azalak
Laguntza eta bilaketa konbinatuen orrialdeak orain arte itxura bakar eta aldaezinean bistaratzen ziren —Ubuntuko kolore marroi horretan zehazki—. Hemendik aurrera azal ezberdinak aukera daitezke hobespenen leihoan —marroi, urdin eta berde zaporetakoak— eta bilaketa konbinatuen emaitzak era gustagarriago batean bistaratuko dira.

Momentuz hiru azal daude erabilgarri, baina CSS pixka bat dakien edonork sor ditzake azalak. Animatu bat egitera eta bidal iezaguzu!
Botoiak erakutsi eta ezkutatzea
Geroz eta hiztegi gehiago dauzka barrak eta hainbat erabiltzailek nahikoa izango dute hiruzpalau hiztegirekin. Horregatik, pantaila alferrikako botoiekin ez betetzeagatik botoiak erakutsi eta ezkutatzeko aukera sortu dugu. Oraingoz hizkuntzaren menpekoak ez diren hiztegiak erakutsi eta ezkuta daitezke soilik. Etorkizunerako pentsatuta daukagu botoiak ordenatu ahal izatea, pertsonalizazioa erabatekoa izan dadin.
Botoiak erakutsi eta ezkutatzea oso erraza da. Sinpleki, barraren gainean eskuin-klik bat eginez gero hiztegien zerrendatxo bat agertuko zaigu. Bertan, aukeratu erakutsi edo ezkutatu nahi den hiztegia eta botoiaren bistaratze-egoera aldatuko da.

Kontsulta konbinatuetako hiztegiak
Hemendik aurrera kontsulta konbinatuetan hiztegi gehiago erabil daitezke eta era berean kontsultatuko diren hiztegiak zehaztu ditzakegu. Gainera, azpisarrerak kontsultatzeko aukera gehitu da eta bilaketen denbora-muga alda daiteke.
Eta gehiago!
Honi guztiari erabiltzaileak ikusten ez dituen baina kodean egiten diren aldaketa txikiak daude. Besteak beste, hiztegien kontsultak egiteko kodea hobetu da eta orain Morris, Eurovoc edo Elhuyarren hiztegiak hobeto dabiltza. Aipatutako guztiarekin batera, topatu ohi diren arazo txikiak konpondu dira.
Beraz Euskalbar berriaz gozatu nahi izanez gero adi egon, gutxien espero denean argitaratuko baita.
Urria 4th, 2007 at 19:22
Zoragarria egiten ari zareten lana. Ikastolako ekipo guztietan, Firefox instalatu ondoren zuena da instalatzen dugun lehenengo gehigarria. Gurean ez dago Euskalbarrik ez duen ordenadoretik eta zin egingo nuke nire ikasleen etxeetan ere, zuena dela lehenengoa.
Eskerrik asko ni eta nire ikasleen partetik. Segi horrela mutilak!
Urria 4th, 2007 at 20:45
Oso itxura ona dauka Julen! Nik orain arte Firefoxerako bilaketa pluginak erabili izan ditut, barra gehiegi ditudalako nabigatzailean, baina bertsio berri hori probatu beharko dut…!
Urria 5th, 2007 at 11:00
milesker, artistok!
Urria 15th, 2007 at 16:20
Galdera bat daukat: barkatuko didazu blog honetan egiten badut, baina ez nekien non egin.
Hiztegien atalean dozenaka hiztegi egon arren, Euskalbarren zuzenean kontsulta daitezkeenak gutxiago dira (une honetan 18), eta Barran bertan gutxiago (une honetan 9). Zeren arabera egiten da hori? Konfiguratu daiteke? Esate baterako, Eibarko hiztegia, Hiztegiak menuan badago, baina ezin da zuzenean kontsultatu, ezta? Edo zerbait konfiguratu ezinik nabil?
Eibarko hiztegiari dagokionez, adibidez, Eibarko udala bere hiztegi elektronikoa eguneratzen ari da une honetan bertan, eta Euskalbarren agertzeko zerbait aldatzea komeniko balitz, Eibarko udalak gustura jasoko luke zuen iritzia.
Eskerrik asko denagatik.
Eta bide batez: proiektuaren inguruko blogen bat, edo horrelako zerbait sortzea pentsatu duzue? Edo badago? Zuei galderak egiteko, iradokizunak gehitzeko, edo zuzenketak bialtzeko blog bat?
Urria 15th, 2007 at 20:42
asier:
Barran 18 hiztegi erabil daitezke nahiz eta lehenetsita ez ditugun guztiak utzi, botoiek hartzen duten lekua dela eta. Hor ez daukagu irizpide zehatzik, batzuk aukeratu beharraren aurrean Hiztegi Batua + Corpusak utzi genituen. Hala ere, edozein iritzi onartuko dugu, gure irizpideen gainetik erabiltzaileenak baitaude kasu honetan.
Eibarko hiztegia momentuz ezin da erabili kontsultak egiteko. Euskalbarren egungo egitura nahiko estatikoa denez hamaika hiztegi gehitzeak baino, mantentzeak lan gehiago ematen du. Zuzenean kontsulta daitezken hiztegi guztiak barraren gainean eskuin-klika eginez agertuko zaizkizu (gehi iezazkiozu hizkuntzaren arabera aldatzen diren hiztegiak).
Bestetik, %99 batean (azaleko begirada batez diotsut) ez dut uste Eibarko hiztegiaren gunean aldaketarik behar denik hiztegia barran erabilgarri jartzeko.
Azkenik, blogarena esku artean daukagu. Azken bertsio honekin batera bat zabaltzeko asmoa geneukan baina azkenean denak batera ezin izan du izan.
Euskalbar berari buruzko hobekuntzak, bugak edo zuzenketak google codeko gunetik kudeatzen ditugu eta guztiz irekia da.
Garatzaileokin harremanetan jartzeko mezu bat bidaltzea nahikoa da, ez dugu kobratzen :)
Urria 16th, 2007 at 9:20
Eskerrik asko erantzunagatik eta, batez ere, egiten duzuen lan guztiagatik. Euskalbarra mundiala da; guztiz engantxatuta nago :-)
Benetan.
Blogaren zain geratzen gara, beraz.
Animo!
Urria 16th, 2007 at 22:11
Kaixo Asier!
Zeren arabera egiten diren gauzak galdetzen duzu. Ba nahiko proiektu anarkikoa da, egia esan. Garatzaile bakoitzak bere erabakiak hartzen ditu, ez daukagu itu argirik. Batek Euskalbarren azal ezberdinak erabiltzea gustatuko litzaiokeela erabakitzen du… ba sortu egiten ditu; besteari Bergarako hiztegia sartzea bururatzen zaiola… egin eta kito.
Noizean behin badauzkagu kanpoko jendearen eskaera zehatzak ere. Baina horiek ere gure gogoaren (eta ahalmenen) arabera garatzen ditugu…