Fitxak kontsola barnean GNU Screen-ekin
Kontsolatik lan egitea etxean sentitzea bezala da. Horregatik, ohituraz edo beharrez kontsolatik lan egiten dugunok gustuko kontsola bat izaten dugu eta mania ezberdinak lan egiterako orduan.
Fitxen bidez nabigatzearen ohitura kontsolara ekarriz, tresna paregabea da GNU Screen. Egia da GNOME eta KDE mahaigain inguruneek fitxak dauzkaten terminalak dakartzatela per se, baina GUI mailan lan egiten dutenez lan-eremua murrizten digute. Izan ere, Screen terminal mailako leiho-kudeatzaile bat baita. Gainera, bestelako terminalak erabiltzen ditugunontzat —urxvt, aterm, xterm, …— aukera eroso eta aparta da.
Zer egiten du Screenek?
Screenek finean terminalak multiplexatzen ditu. Horregatik, aplikazio edo prozesu bakoitzarentzat terminal bana irekita izan beharrean, nahikoa da terminal bakarrarekin eta guztia leku berean izango dugu eskura. Laster-tekla batzuen bidez ti-ta batean aldatu ahal izango dugu terminalez. Honek abantaila nabarmen bat dakar ingurune grafikoan lan eginez gero, ataza-barran aplikazio bakarra agertuko baita eta leiho bakarraren espazioa okupatuko baitu.
Hori gutxi balitz, SSH bidez urruneko zerbitzari batean lan egiten badugu, hainbat gauza egin ditzakegu aldi berean saioa behin bakarrik hastearekin.
Screenekin hasten
Screen gure sisteman instalatuta dagoela suposatuz, oso erraza da hau martxan jartzea. Gustoko terminalean idatzi screen komandoa eta kitto. Saio ezberdinak erabil ditzakegu egin beharreko lanen arabera ordena mantentzeko; horretarako screen -S saioarenizena bezala exekutatu behar da Screen.
Hasiera batean ez dugu aldaketa handirik nabarituko, itxuraz guztiak berdin jarraitzen baitu. Praktikan baina, leiho berri bat daukagu gure aurrean, 0 identifikadorea izango duena. Leiho bakoitzak identifikadore bat dauka, berau atzitzeko erabil daitekeena.
Screenekin lan egiteko C-a laster-teklak sakatu behar dira —hau da, Ktrl tekla eta jarraian a— eta ondoren nahi den ekintza adierazi behar da. Ekintzarik ohikoenak hauek izan daitezke (maiuskulak eta minuskulak errespetatuz):
c(reate): terminal leiho berri bat sortu0-9: identifikadore hori duen leihora joann(ext): eskuragarri dagoen hurrengo leihora joanAtzera-tekla: eskuragarri dagoen aurreko leihora joanC-a: aurretik zeuden leihora itzuliA: leihoaren izena aldatu[: kopiatze modura joan; lerroen artean scroll-a egin nahi badugu erabilgarria
C-a ? konbinazioarekin eskuragarri dauden ohiko komandoen zerrenda bat bistaratuko zaigu.
Saioak askatu eta erantsi
Screenen uneko saioa aska dezakegu egiten ari ginenarekin beranduago jarraitzeko. Saio bat askatzean, kontsola horretan exekutatzen ari diren prozesuak lanean jarraituko dute. Saio bat askatzeko C-a d(ettach) sakatu behar da. Era beran, leiho ingurune batean ari bagara lanean, leihoa itxiz gero —eta ez terminalean exit idatzita edo C-d sakatuta— saioa askatuko zaigu.
Ezaugarri hau oso praktikoa da. Demagun laneko terminalean hainbat prozesu martxan ditugula eta etxera bueltatzeko ordua iritsi dela, a ze pena! Burugogorrak garenez etxera iritsitakoan laneko ordenagailura konektatu nahi dugu zintzilik utzitako azken lantxoarekin jarraitzeko. Ba laneko terminala askatuz eta etxean gure terminalean saioa erantsiz lana utzitako leku beretik jarrai dezakegu. Saio bat gure terminalera eransteko nahikoa da screen -r(eattach) agindua idaztea.
Ezaugarri hau saio bat baino gehiagori ere aplika dakioke. screen -r idaztean aurretik askatu ditugun saio guztiak agertuko zaizkigu. Adibidez:
$ screen -r
There are several suitable screens on:
5457.konpilazioa (Detached)
5465.garapena (Detached)
Type "screen [-d] -r [pid.]tty.host" to resume one of them.Laguntzan adierazten zaigun bezala, saio konkretu bat eransteko -r parametroaren segidan prozesuaren identifikadorea —pid— edo saioaren izena idatzi behar da. Azken hau screen -S saioarenizena komandoan zehaztutako izen berbera da.
Screen pertsonalizatzen
Ohiko aplikazioek bezala, Screenek bi lekutatik eskaintzen digu gure konfigurazioa ezartzeko aukera: sistema mailan aplikatuko den /etc/screenrc fitxategian eta erabiltzaile bakoitzaren ezarpen pertsonalak dituen ~/.screenrc fitxategian.
Bertan, pertsonalizatutako laster-tekletatik saio hasieran abiaraziko diren aplikazioetara konfigura daitezke. Esate baterako, informazioa titulu-barran agertu ordez, kontsolaren azken lerroan egoera-barra kurioso bezala ager dadin ezar dezakegu. .screenrc fitxategi baten adibidea ondorengoa litzateke:
hardstatus alwayslastline
hardstatus string '%{= kG}%{=kw}%?%-Lw%?%{r}(%{W}%n*%f%t%?(%u)%?%{r})%{w}%?%+Lw%?%?%= %{g}]'Pertsonalizatzeko aukerak mugagabeak dira eta gehiago jakiteko beti bezala man screen komandoak edo adibideko /etc/screenrc fitxategiak lagunduko digute.