OpenSocial-en atzetik
OpenSocial aurkeztu berriak sortu duen zalaparta ikusita, horren atzean zer ezkutatzen den jakin nahi izan dut. Gari Araolazak Faktoria irratsaioan azaldu du gainetik zer den OpenSocial baina berak egindako baieztapen batzuekin ez nago erabat ados.
OpenSocial API bat da garatzaileek aplikazio sozialak garatzeko, bai bezero nahiz zerbitzari atalean. API honen bitartez sare sozial batean beste sare sozialetako informazioa ekarri ahal izango da, widget forman. Hau da, sare sozialak sare sozialen barruan integratzen dira, sare horren mugak gaindituz.
Baina OpenSocial ez da egiaztatze-sistema bat —beste batzuk ere nahastu dira honekin—, ez da single sign-on. Hortaz saioa leku batean hasteak ez dakar gainontzeko tokietan saioa hasita izatea. Gure informazioa sare sozial batean egongo da —adibidez myspacen— eta gune hori OpenSocial inplementatuta daukaten gainontzeko sareekin komunikatzeko gai izango da gure informazioa elkartrukatzeko. OpenSocialek loturak egiten ditu eta ondorioz informazio gehiago daukagu eskura.
Bestetik, informazioa ez da Googlen eskutan erortzen. Gure datuak sare sozial jakin batek izango ditu, bertan izen emanda gauden heinean eta beraz ez du Googlen kontuekin zerikusirik. Googlek hainbat sareen arteko adostasuna lortu du API amankomun bat inplementatzeko, industriako estandar bat izango dena. Horrela, garatzaileei buruhauste bat baino gehiago kenduko dizkie gainetik, ez baitute sare sozial bakoitzeko aplikazio berri bat garatu beharko; bakarrarekin nahikoa da.

Zalantzak uxatu eta adibide errealak ikusteko, Google berak egindako aurkezpen-sorta baten bideoa oso lagungarri izango zaizue. Era berean, OpenSocialei buruz egin ditzakegun oinarrizko galderak argitzea ezinbestekoa da. Azkenik, blog sarrera honek teknologia sozial ezberdinen sailkapena ulertzen lagunduko digu.
Azaroa 5th, 2007 at 23:26
Kaixo Julen,
Mila esker komentarioagatik. Aspaldi kenduta daukagu trackback-a, izaten genuen spama zela eta.
Batetik, kontutan izan gauzak irratiz eta publiko zabalari azaltzeko asko sinplifikatu behar direla. Ezin naiz Euskadi Irratian API-en inguruan hasi. Hortaz, onartzen dut gauzak nahiko gainetik azaldu ditudala eta ez dudala asko zehaztu.
Bestetik single sign-on/login ez, baina bai izango da single-register. Azken finean OpenID-ren aurreragoko pauso bat bezala aurkeztu da. Hau da, lehenengo MySpacen errejistratu baldin bagara, posible izango da errejistro hori eta erabiltzaileen datuak beste webgune batetarako erabiltzea.
Azaroa 6th, 2007 at 9:34
Lasai Gari, irratian gainera terminoak eta terminoak sartzen hasiz gero jendea nahastea besterik ez zenuke lortuko. Hobe modu orokorrean hitz egitea.
Aipatzen duzun bigarren puntua ez dut hain garbi ikusten ordea. Gune batean izen emanda bagaude bertan bakarrik hasi ahal izango dugu saioa, nahiz eta gure informazioa beste guneentzat ere atzigarria izango den. Ez dakit horri deitzen diozun single-register edo haratagoko zerbaiti.
Azaroa 6th, 2007 at 10:53
Beste guneentzat atzigarria, nik baimenik eman gabe? Ez dut uste hori horrela izango denik.
Gertatuko dena da bigarren webgunera noanean eta esaten diodanean “aizu, nire profila lehenengo webgunean badago” eta baimena ematen dudanean, orduan izango da informazio ekartze hori. Espero dut ez izatea hori baino lehenago.
Azkenean zer lortu dugu horrekin? Bada, bigarren webgunean izena emateko beharrik ez izatea, eta lehenengo webguneko informazioa (beti ere nire baimenarekin) bigarren webgunera automatikoki transferitzea (edo lotzea).
Azaroa 8th, 2007 at 12:25
APIa ez dut begiratu eta aurkezpen-bideoan ere ez zen baimen edo pribatutasunaren inguruko ezer aipatzen. Hortaz, ezin dezaket ezer esan horren inguruan.
Azken esaldian matizazio bat (oker ulertu ez badizut): ez dut uste adibidez orkut-eko erabiltzaile izanagatik myspace-ko erabiltzaile ere naizenik. Bien arteko informazio-trukea egin daiteke, baina nire kontua orkuten izango dut. Firecamp-eko bideoan egiten dituzten demoetan ez da halako ezer agertzen baina batek daki, denborak esango digu noraino hel daitekeen teknologia hau.