Firefox 3 (I): interfaze eta sistemaren arteko integrazioa
Firefox 3ak interfaze aldetik aldaketa nabarmenak ekarriko ditu, izan ere ahalegin berezia egiten ari baita sistemaren itxurarekin ahalik eta hobekien bat etortzeko. Hasiera batean bateratze bisualaren indarrak Windows eta Mac OS X sistemetan zentratu baziren ere, erabiltzaileen eskaerak tarteko integrazio hori GNU/Linux sistemetara hedatzea erabaki da.
Honek esan nahi du gure nabigatzaileak itxura ezberdina izango duela sistema ezberdinetan. Alex Faaborg erabiltzaile-interfazearen diseinuaren arduradunaren hitzetan, bateratutako plataforma arteko interfaze batekin, kasurik onenean aplikazioak edonon arrotz sentitzea lortuko genuke eta kasurik txarrenean berriz ez lukete benetako aplikazio baten itxura ere izango
.
Atentzioa GNU/Linux sistemetara bideratzen badugu, Firefoxek gure sisteman ezarrita daukagun GTK gaia kontuan hartuko du eta horren arabera bistaratuko dira interfazeko elementu nagusiak, hala nola tresna-barra nagusietako botoiak eta web orrietako inprimakien kontrolak —beti ere ez badago definituta bestelako estilorik—. Honi buruz gehiago idatzi dute ars technican.
Firefox 3 GNOME ikonoekin.
Firefox 3 Tango ikonoekin.Gainontzeko sistemetan, azkenaldiko aurrerapenak nabigazio tresna-barraren birdiseinaketan egin dira. Hainbat maketa egin dira eta nabarmenena Atzera botoia handitu dutela da. Oro har atzerantz joateko eragiketa maizago egiten baita aurrerantzakoa baino. Honekin bestalde, nabigatzailearen nortasun propioa azpimarratu nahi da, bistazo bakarrarekin jakin dezagun Firefoxen aurrean gaudela.
Gainera beste zenbait aldaketa egin dira, adibidez hasiera orrialdera joateko botoia birkokatzea edo kokaleku-barrako botoien antolaketa aldatzea.