ertza

software librea eta euskararen arteko ertzean.

Archive for Azaroa, 2007


OpenOffice.org ezin abiarazi eguneraketa eta gero

Aspaldiko partez sistema eguneratu ondoren emerge -v world erabilita, sorpresatxo bat eraman dut OpenOffice.org-ekin lanean hasi nahi izan dudanean. Aplikazioa aurkezpen-pantailan geratzen zen bere horretan, kieto. Dokumentu bat aldatu nahi eta ezin, kaka zaharra.
Errore mezu politt bat agertzen zen kontsolan.

*** glibc detected *** /usr/lib/openoffice/program/soffice.bin: free(): invalid pointer: 0x081be7d0 ***

Eta horrekin batera backtrace potolo bat. Badirudi zerbait oker doala memoriako espazioa askatzean free() funtzioarekin.
Bilaketa sinple baten ondoren, gentoo forums-eko hari batean aurkitu dut soluzioa.

G_SLICE = always-malloc oowriter

Horrela, G_SLICE ingurune-aldagaiarekin GLib liburutegiak memoria espazioa erreserbatzeko duen modua aldatzea lortzen da.

Antza, sistemaren eguneraketak GTK+ liburutegiak ere bere azken bertsiora ekarri ditu eta gai zaharrekin gatazkaren bat sortzen da.

Firefox 3 (I): interfaze eta sistemaren arteko integrazioa

Firefox 3ak interfaze aldetik aldaketa nabarmenak ekarriko ditu, izan ere ahalegin berezia egiten ari baita sistemaren itxurarekin ahalik eta hobekien bat etortzeko. Hasiera batean bateratze bisualaren indarrak Windows eta Mac OS X sistemetan zentratu baziren ere, erabiltzaileen eskaerak tarteko integrazio hori GNU/Linux sistemetara hedatzea erabaki da.
Honek esan nahi du gure nabigatzaileak itxura ezberdina izango duela sistema ezberdinetan. Alex Faaborg erabiltzaile-interfazearen diseinuaren arduradunaren hitzetan, bateratutako plataforma arteko interfaze batekin, kasurik onenean aplikazioak edonon arrotz sentitzea lortuko genuke eta kasurik txarrenean berriz ez lukete benetako aplikazio baten itxura ere izango.
Atentzioa GNU/Linux sistemetara bideratzen badugu, Firefoxek gure sisteman ezarrita daukagun GTK gaia kontuan hartuko du eta horren arabera bistaratuko dira interfazeko elementu nagusiak, hala nola tresna-barra nagusietako botoiak eta web orrietako inprimakien kontrolak —beti ere ez badago definituta bestelako estilorik—. Honi buruz gehiago idatzi dute ars technican.

Firefox gnome-icon-theme ikonoekinFirefox 3 GNOME ikonoekin.
Firefox Tango ikonoekinFirefox 3 Tango ikonoekin.

Gainontzeko sistemetan, azkenaldiko aurrerapenak nabigazio tresna-barraren birdiseinaketan egin dira. Hainbat maketa egin dira eta nabarmenena Atzera botoia handitu dutela da. Oro har atzerantz joateko eragiketa maizago egiten baita aurrerantzakoa baino. Honekin bestalde, nabigatzailearen nortasun propioa azpimarratu nahi da, bistazo bakarrarekin jakin dezagun Firefoxen aurrean gaudela.
Gainera beste zenbait aldaketa egin dira, adibidez hasiera orrialdera joateko botoia birkokatzea edo kokaleku-barrako botoien antolaketa aldatzea.

Firefox 3 Beta 1 ez da euskaraz egongo…

…baina ez da larritzeko kontua. Gaur Beta 1 izan daitekeena probatzeko hitzordua jarrita dago mundu mailan eta laster batean izango da kalean lehenengo beta.
Euskarari dagokionez, oraindik kate guztiak itzuli gabe daudenez, Axel Hecht lokalizazio lanen arduradun nagusiak esan digu hobe dela ongi bukatutako lana argitara ematea eta ez erdizka dagoena. Bere hitzetan:

That doesn’t sound like a really good beta candidate for me. Folks that are fine with English strings are probably fine with testing just the new Firefox features with an English build for now.
(…)
I’d rather see you guys put something out in the wild that you’re confident in in an upcoming milestone than to rush ahead now and get loads of feedback that all the cool fx3 stuff sucks because it’s not translated.

Hortaz ez larritu Firefox 3 B1 kaleratzen denean euskaraz ez baduzue ikusten. Librezalen aurrera begira ari gara lanean azeriak inoiz baino hobeto euskaraz jakin dezan. Publikoki argitaratuko diren hurrengo bertsioetan (B2, B3, RC1, …) presente izango gara beraz. Hala eta guztiz ere, edonoren eskura daude egunero azken kodearekin sortzen diren paketeak. Hauek bai: euskaraz eta labetik atera berriak.

Euskalbarren bideoa

Asier Sarasua Garmendia artista hutsa eginda dago eta Euskalbarren funtzionalitate guztiak erakutsi dizkigu lau minutu pasatxoko bideo honetan. Euskalbar sakonean ezagutzeko aitzakia bikaina!

OpenSocial-en atzetik

OpenSocial aurkeztu berriak sortu duen zalaparta ikusita, horren atzean zer ezkutatzen den jakin nahi izan dut. Gari Araolazak Faktoria irratsaioan azaldu du gainetik zer den OpenSocial baina berak egindako baieztapen batzuekin ez nago erabat ados.
OpenSocial API bat da garatzaileek aplikazio sozialak garatzeko, bai bezero nahiz zerbitzari atalean. API honen bitartez sare sozial batean beste sare sozialetako informazioa ekarri ahal izango da, widget forman. Hau da, sare sozialak sare sozialen barruan integratzen dira, sare horren mugak gaindituz.
Baina OpenSocial ez da egiaztatze-sistema bat —beste batzuk ere nahastu dira honekin—, ez da single sign-on. Hortaz saioa leku batean hasteak ez dakar gainontzeko tokietan saioa hasita izatea. Gure informazioa sare sozial batean egongo da —adibidez myspacen— eta gune hori OpenSocial inplementatuta daukaten gainontzeko sareekin komunikatzeko gai izango da gure informazioa elkartrukatzeko. OpenSocialek loturak egiten ditu eta ondorioz informazio gehiago daukagu eskura.
Bestetik, informazioa ez da Googlen eskutan erortzen. Gure datuak sare sozial jakin batek izango ditu, bertan izen emanda gauden heinean eta beraz ez du Googlen kontuekin zerikusirik. Googlek hainbat sareen arteko adostasuna lortu du API amankomun bat inplementatzeko, industriako estandar bat izango dena. Horrela, garatzaileei buruhauste bat baino gehiago kenduko dizkie gainetik, ez baitute sare sozial bakoitzeko aplikazio berri bat garatu beharko; bakarrarekin nahikoa da.
Google OpenSocial
Zalantzak uxatu eta adibide errealak ikusteko, Google berak egindako aurkezpen-sorta baten bideoa oso lagungarri izango zaizue. Era berean, OpenSocialei buruz egin ditzakegun oinarrizko galderak argitzea ezinbestekoa da. Azkenik, blog sarrera honek teknologia sozial ezberdinen sailkapena ulertzen lagunduko digu.

Gmail notifier berpizten

Aste honetan bertan Googlen Gmail posta zerbitzuak izandako aldaketen ondorioz Firefoxeko Gmail notifier hedapena ez dabil. Hedapenak gune zaharra espero duen tokian gune berria aurkitzen duenez komunikazioa ez du ongi burutzen.
Arazo honi aurre egiteko, AMOko eztabaidagunean adierazi bezala, aldaketa txiki batzuk egin beharko ditugu hedapenaren nsGMNotifierService.js fitxategian. Fitxategi hau zuen uneko profilaren karpetaren /extensions/{44d0a1b4-9c90-4f86-ac92-8680b5d6549e}/components/ azpikarpetan dago. Bertan:

?search=query&q=is%3Aunread&view=tl&start=0&init=1&

agerpenen bukaeran &ui=1 gehitu beharko dugu, mezu berrien bilaketa interfaze zaharrean egin dezan. Hau da,

?search=query&q=is%3Aunread&view=tl&start=0&init=1&ui=1

bezala utzi beharko dira agerpen horiek.
Firefox berrabiarazi eta lehen bezala txintxo-txintxo jakinaraziko digu mezu berriak daudenean.