Firefox 3 (II): helbide-barra berria
Helbide- edo kokaleku-barrak jasandako aldaketak ez dira nolanahikoak eta barrak bere horretan aztertzeak merezi du. Helbide-barrak ematen digu Interneterako sarbide zuzena, edonora eramaten gaitu blaust batean eta nabigatzailearen atal erabilienetako bat da oro har —nahiz eta jende askok pentsatu helbideak bilatzailean jarri behar direla!—.
Helbide-barra berriak uneko kokalekuari buruzko ezinbesteko informazioa ematen digu: helbidea bera, segurtasuna, jarioa edo izar marka ezarrita daukan —laster-marka egina dagoen, alegia—. Gainera, informazio hori guztia trinkotuta bistaratuko da; eskuinaldean zentratzen bagara esate baterako, gune konkretu batera joateko Joan botoia helbidea idazten ari garenean agertuko zaigu soilik —Enter sakatzearen parekoa testuinguru honetan—. RSS jarioa duten guneetan halaber, ohiko laranja koloreko ikonoa bistaratuko da. Izar itxurako ikonoa berria da baina. Honek, uneko orriaren laster-marka egina dagoenetz adieraziko digu: izarra piztuta, laster marka egina; izarra itzalita, laster-markarik ez. Adierazi ez ezik, klik bakarrarekin laster-marka zuzenean egiteko aukera ere ematen digu. Piztutako izarrean berriro klik eginez gero, laster-markaren xehetasunak alda ditzakegu, hala nola izena, zein lekutan biltegiratuko den eta aplikatuko zaizkion etiketak.
Piztutako izarraren gainean klik eginda laster-markaren xehetasunak alda daitezke.Ezkerraldean bestalde, uneko webgunearen ohiko ikonoa daukagu eta bertan klik eginez gero gunearen nortasunari buruzko informazioa bistaratuko da: ea bere burua identifikatzen duen, konexioa zifratuta dagoen, … Segurtasunari begira, ohiko moduan helbidearen atzeko-planoko kolorea aldatu egingo da gune seguru batean bagaude. Berdin, phishinga edo iruzurra izan daitekeen gune baten aurrean bagaude.
Gunearen nortasunari buruzko informazioa.Ezaugarri berri eta ikusgarrienetako bat ordea, helbideen zerrenda bistaratzeko modua da. Honekin batera, helbide bat idazten gabiltzanean, dagoeneko bisitatuta dauzkagun guneen arteko bilaketak ere ezberdin antolatzen dira, izan ere, guneen helbideetan ez ezik hauen izenburuetan ere bilatuko baita. Honela bada, gune baten helbidea ez badugu gogoratzen, helbide-barran gunearekin lotutako hitzen bat idatzita helbidea bera topatzeko gai izan gaitezke. Hala eta guztiz ere, ezaugarri berri hau nahiko makala somatu dut —makina potentea duzuenok esan beharko duzue zer moduz dabilen—, idatzitako hizki bakoitzarekin bilaketa automatikoki hasten baita eta helbideak idaztera ohituta dagoenarentzat nahasteko modukoa izan daiteke. Badago baina Firefox 2an bezalako helbide-zerrenda agerraraztea, bereziki horretarako dagoen oldbar hedapenarekin. Hasiera batean aldaketa hau ezkutuko hobespen batekin egin zitekeen, baina kentzea erabaki dute. Ez dakit benetako arrazoia zein den, baina zentzuzkoena hobespen bezala uztea zelakoan nago.
Helbide zehatz bat aurkitzeko aukerak zabalagoak dira.Azkenik txikikeria praktiko bat: helbidean zehar mugitu eta testua aukeratzeko gaitasunaren hobekuntza. Teklatua asko erabiltzera ohituta gaudenok, Ktrl+gezia erabiltzeko joera dugu testuaren zati txikiagotan zehar mugitzeko. Ba helbideen kasuan, Firefox 2an ezinezkoa zen modu horretan mugitzea. Orain, aldiz, helbide baten zati esanguratsu guztiak modu erraz eta azkarrean atzi ditzakegu aipatutako moduan.