Firefox 3 (III): integratutako aplikazioen eraberritzea
Firefoxen bertan integratuta dauden laster-marken, deskargen eta gehigarrien kudeatzaileek aldaketa sakonak jasan dituzte azkenaldian eta erabiltzeko aukerak zabaltzeaz gain erabiltzeko erraztasuna hobetu da. Azter ditzagun banan-banan.
Laster-marken eta historiaren Biltegia
Biltegia izango da hemendik aurrera gure laster-marka eta nabigazio-historiaren erdigunea. Bertan biltzen dira arakatu ditugun gune eta orri guztiak, baita laster-marka egin diegunak ere. Izaera dinamikoa du erabat, nabigatu ahala automatikoki eguneratzen baita Biltegiko direktorio bizien informazioa.
Interfaze eraberritu honekin oso erraza da nabigazioari dagokion informazio guztia txukun eta ordenatuta mantentzea. Laster-markak antolatzeko orduan, ohiko direktorio egituraz gain etiketak ere erabil ditzakegu orain. Historian eta laster-marketan bilaketak egiteko aukera asko findu da eta erraz bereskuratu ahal izango dugu auskalo noiz bisitatutako orri ahaztua.
Halaber, inportatze, esportatze eta babeskopia funtzioak erabat sinplifikatu dira, beraz ez dago datuak galtzeko aitzakiarik.
Biltegian informazio guztia ongi antolatuta izango dugu.Gehigarrien kudeatzailea
Gehigarriak dira Firefox gure neurrirako aplikazioa bihurtzen duten zera txiki horiek. Askotan ordea, ez dakigu gure bizitza erraztuko luken gehigarria badagoela hor nonbait. Hesi hori gainditze aldera, kudeatzaile eraberritua AMO gehigarrien gune ofizialarekin integratuta dator, gehigarri berrien bilaketa eta instalazio urratsak erabat sinplifikatuz (Eskuratu gehigarriak panelean). Hedapen eta gaien bilaketak burutzeko aukera ematen digu, gehigarrien webgunean bertan bageunde bezala. Gainera, gomendio gisa nabarmendutako gehigarriak azalduko dira besterik ezean —agian hor egon liteke gure beharretara moldatzen dena! —.
Gure gustoko gehiarriak urrats bakarrean ditugu eskura.Plugin-en panela ere gehitu zaio gehigarrien leiho nagusi honi, beraz aurrerantzean ez da beharrezkoa izango about:plugins idaztea Java plugina instalatuta dagoen ala ez jakiteko, adibidez.
Deskargen leihoa
Deskargen leihoa itxuraz garbiago bistaratzen da orain, erabileran ohiko sinplentasuna mantenduz. Firefox saio ezberdinen artean deskargak pausatu eta berrekiteko aukera dago gainera, beti ere zerbitzariak onartzen duen bitartean. Azpiko botoiak ezabatu eta testu-kutxa bat gehitu zaio leihoaren azpiko zatiari, deskargen artean iragaziak ezarri edo bilaketak egiteko.
Deskargen leihoak itxura garbiagoa du orain.Deskarga bat abiaraztean, bestalde, egoera barraren eskuinaldean agertuko zaigu deskargaren egoera. Bertan klik eginez deskargen leihoa zuzenean atzitu ahal izango dugu.
Egoera-barran bistaratzen da uneko deskargaren aurrerapenaBestelako aplikazioak
Firefoxekin batera datorren FTP bezeroak ere birfinketa txiki bezain esanguratsua jasan du. FTP zerbitzarietako fitxategi-zerrendak askoz ere polittago bistaratuko dira orain.
FTP saio bateko fitxategi-zerrendaren itxura.Azkenik, ohiko erabiltzaileak ikusten ez dituen bi atal: about:config eta about:crashes. Lehenak konfigurazio-ezarpen aurreratuak aldatzeko balio du —finean Firefox ia guztia bertatik kontrola daiteke— eta oraingoan abisu gisa mezu bat bistaratuko digu, aldez aurretik jakin dezagun aldatzera goazenak eragin larriak izan ditzakeela. Zertan dabiltzan ez dakiten erabiltzaileak uxatzeko nahikoa.
Hutsegite-txostenen zerrenda.Bigarren atala, about:crashes, berria da eta bertan bistaratzen dira aplikazioak denboran zehar izan dituen hutsegiteak (crashes) eta bidali diren hutsegite-txostenak (crash reports). Honetarako azpiegitura berria garatu da, batetik, hutsegiteen berri emateko Breakpad izeneko tresna Firefoxen integratuz eta, bestetik, datu hauek prozesatzeko Socorro zerbitzaria erabiliz, zehazki http://crash-stats.mozilla.com helbidean. Hau guztia aurretik erabiltzen zen kode itxiko Talkback sistemagatik ordezkatu da.