ertza

software librea eta euskararen arteko ertzean.

Archive for Otsaila, 2008


Merkea da gero Microsoft-ekin tratuan aritzea…

Parlamentuaren datu-basea kuxkuxeatzen nenbilela, a ze nolako perla aurkitu dudan:

Informatikako produktuen itzulpenaren kostua Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta Microsoft enpresak adostu beharko badute ere, aurre-akordioetan hirurehun eta hamahiru milioi ehun mila (313.100.000,-) pezetako kostua orokorra aurreikusten da.

Kontuan izan diru-kopuru hori 1998. urteko pezetatan dagoela.
Hori laugarren puntuan. Zazpigarrenak ere ez du desperdiziorik:

Hitzarmena izenpetzen duten aldeek, beren erakundeetan, euskarazko produktuen erabilera sustatzeko konpromisoa hartzen dute. Hori horrela, eta bakoitzak egokitzat jotzen dituen neurriak kontuan, euskarazko sistema eragilea aurretik barneratuta daraman hardwarea eskuratzearen aldeko ekintzak bultzatuko dituzte.

Uste dut pixka bat ezjakina naizela: inon saltzen dute euskarazko Windowsa dakarren hardwarerik? Eusko Jaurlaritzak bere etxean euskarazko softwarea erabiltzen du?

Tira, laster gehiago, ziur…

Lankidetza Hitzarmena, Eusko Jaurlaritzaren, foru- aldundien eta Eudel-en artekoa, Microsoft-eko informatikako produktu zenbait euskarara itzultzeko eta lokalizatzeko.

Firefox 3 (III): integratutako aplikazioen eraberritzea

Firefoxen bertan integratuta dauden laster-marken, deskargen eta gehigarrien kudeatzaileek aldaketa sakonak jasan dituzte azkenaldian eta erabiltzeko aukerak zabaltzeaz gain erabiltzeko erraztasuna hobetu da. Azter ditzagun banan-banan.

(more…)

OpenID estandarra bilakatzeko bidean?

Galderaren erantzuna inoiz baino gertuago egon daiteke, oraingoan Google, Yahoo!, IBM, Microsoft eta Verisign bezalako enpresa handiak izan direlako OpenID fundazioari babesa ematea erabaki dutenak. Aurretik izan dira urrats esanguratsu bezain garrantzitsuak, batez ere Google eta Yahoo!-ren aldetik. Gaurko urratsa haratago doa baina, behin betiko haize-ufada izan daitekeelako norantza horretan arraunean dabiltzanentzat. Hori gutxi balitz, zurrumurruek pentsaraz diezagukete Google izan daitekeela OpenID hornitzaileetan hurrena eta horren eraginez, OpenID estandarra izateko urrats handi bat emana legoke.

Klasiko baten heriotza

Fitxategi potolo bat jaitsi nahi nuen konexioari kaƱa apur bat emateko eta orduan akordatu naiz linuxiso.org gunearekin. Idatzi dut ba helbidea, baina segundu erdira sorpresa! hori ez da nik beti ezagutu dudan gunea! Antza —Netcraft-en arabera beti ere, inork memoria freskoagorik baldin badu…—, aspaldi desagertu zen nik ezagutzen nuen hura: GNU/linux banaketa pilaren ISO irudi freskoak aurki zitezkeen bertan, zuzenean deskargatzeko prest.

Non ibili ote naiz denbora honetan guztian halakoaren falta ez sumatzeko? Dirudienez, beharrak aldatu egiten dira eta, horiekin batera, ohiturak. Aspaldi joan ziren potatoak jaisten genituen garaiak…