GSoC 08: abentura berri baten hasiera
Aspaldi nabil hemen ezer idatzi gabe, hain zuen nahia eta ezina elkartzen diren ertz horretan bainabil, lanez gainezka. Dena pilatzen zaigunean denboraren makina asmatu nahi genuke, baina ezinezkoa denez makina barik asmatu beharko dut denbora. Izan ere, zortea lagun, Google Summer of Coderen (GSoC) aurtengo edizioan parte hartuko dut! Ahoa bete hortz geratu nintzen nire proposamena aukeratu zutela ikustean eta, egia esan, kostatu zait hau guztia asimilatzea.
Lerro hauen artetik eskerrak eman nahi nizkioke zoriondu nauen jende guztiari. Ilusioari gehitutako ufada bezala da; abentura honi ekiteko aparteko laguntza.
Bestetik, uste dut proiektuaren xehetasun gutxi duela jendeak, Pootle-en inguruan hobekuntzak egingo direla baina ezer zehatzik ez. Gainera, GSoC-ren webgunetik atzi daitekeen eskaeraren fitxan laburpen bat ikus daiteke soilik eta, noski, hori ez da nahikoa informazio. Hortaz ba, proiektuaren helburu nagusiak laburbiltzen saiatuko naiz ondorengo lerroetan.
Hitz politten artean bilduta, erabiltzailearen esperientzia hobetzea litzateke proiektuaren helburu orokorra. Xede horretarako sei (gehi bat) hobekuntza proposatu ditut:
- Itzulpen berriak gehitzea erraztea. Gaur egun soilik sistemaren kudeatzaileak egunera ditzake itzulpenak txantiloietatik (oro har POT fitxategietatik). Nire asmoa hau hedatzea da, proiektuen arduradunek ere itzulpenak txantiloietatik eguneratzeko aukera izan dezaten.
- Azken mugimenduen RSS jarioak. Itzulpen-fitxategiak eguneratuz gero itzultzaileak jakinaren gainean egon daitezen. Proiektu bakoitzak jario bat izango du eta beste jario orokor bat egongo da guztiak bilduko dituena.
- Open-tran bateratzea. Itzulpen-unitate batean hitz esanguratsuak terminologia lokalean bilatzen dira ondoren erlazionatutako hitz-zerrenda bat bistaratzeko. Open-tran integratuta, emaitzak lineako zerbitzu honetatik eskuratuko dira.
- Hirugarren hizkuntza. Zenbaitetan jendea ez da animatzen itzulpenak egitera ingelesez ongi ez dakielako. Bestetan, terminologia zalantzak tarteko, beste hizkuntza batean itzulpena nola egin den ikustea gustatuko litzaiguke. Hirugarren hizkuntza gehituta arazo hauek leuntzea bilatzen da eta dagoeneko itzulita dauden fitxategietan oinarrituko da.
- Bilaketa funtzioa hobetu. Egungo bilatzailea nahiko sinplea da eta oso ohikoak diren kateak bilatu nahi izanez gero emaitza eskasak lortzen dira. Pootlen azken bertsioan testua indexatzeko PyLucene liburutegia erabili da, hortaz sistemaren errendimenduaren galera txikiagoa da. Bilaketa funtzioa hobetzeak bilaketaren eremua zehaztu ahal izatea ekarriko du eta emaitzak bistaratzeko modua ere aldatuko da.
- Bikoiztutako lana ekiditea. Pootlen, zuzenean itzulpen fitxategian idatzi ordez gomendioak egiteko aukera dago. Gomendio horiek proiektuaren arduradunek onartu edo baztertzen dituzte. Baina gomendio bat egiterakoan, aurretik beste itzultzaile batek ere gomendioa egin badu zer? Alferrikako lan bikoiztua ekiditearren, itzultzaileei gomendioak ikusteko aukera eman behar zaie.
- Itzulpenen balioztatzea bidalketa garaian. Azken puntu hau aukerazkoa da, beste hobekuntza batekin duen menpekotasuna dela eta. Erroreen detekzioa itzulpena bidaltzean egingo zen, espreski horretarako dagoen edizio funtziora joan beharrean.
Erronka latza aurrean daukadana. Nire aldetik onena ematen saiatuko naiz, baina batez ere ikasi, ondo pasa eta gozatzen. Gauzak ondo bidean, nire asmoa blogean proiektuaren aurrerapenaren berri ematea da. Hori bai, agian inglesez izango da…
Edonola ere, abentura berri baten hasiera da hau eta espero dut hasieratik bukaerara iristeko gai izatea, urratsez urrats, pixkanaka-pixkanaka.
Apirila 25th, 2008 at 14:14
Gutxi gora-behera pootlen faltan bota ditudan gauzak jarri dituzu hor. Ea ondo doakizun. Animo ta Zorionak Julen!
Apirila 25th, 2008 at 14:47
asmoa blogean proiektuaren aurrerapenaren berri ematea denez, arretaz jarraitu beharko dut bloga…
Animo,
Maiatza 12th, 2008 at 11:39
j0der… Zorionak hi!! Aurreko asten ugaitzek ta konpik komentau zitxaten. Gaur bilatzen jarri ta azkenen topatu dit bilatzen ari nituana. Gertutik jarraitzen saiatuko nauk proiektu hori, hortako betire denbora aurkitzen badit jeje.
Ondo segi ta animo crack!!