Firefox 3 (IV): agerikoa ez dena
Urruti geratu da Firefox 3ari buruz egindako berrikuspen sorta honen hirugarren zatia. Hurrengo asteetan behin-betiko bertsioa kaleratuko da (gaur bertan erabakiko dute RC2a egongo den ala ez) eta, hori gertatu aurretik, begiradatxo laburra eman nahi nioke datorrenari, horrenbeste nabarmentzen ez diren ataletan erreparatuz.
Horien artean, beltzez azpimarratzeko modukoa da orriak errendatzeko Cairo motor grafikoa erabiltzea. Cairo Firefox 2an SVG elementuak errendatzeko erabiltzen zen baina honen eremua hedatu egin da orain. Ondorioz, orriaren zoomak testuari soilik eragin beharrean orri guztiari eragiten dio. Zooma gerturatu edo urruntzean, beraz, testuarekin batera aldatuko dira tamainaz inguruko elementu guztiak.
Zoomarekin lotura eginez, pantaila osoko ikuskera berria aipa daiteke. Firefox 2an orria pantaila osoan ikusteko aukeratuz gero, goian tresna-barrak bistaratzen ziren, beraz ez zen benetako pantaila osoko ikuskera. Firefox 3an, aldiz, tresna-barrak ezkutatu egiten dira eta pelikulak bezala jar ditzakegu webguneak pantaila osoan; aurkezpenetarako aukera egokia, zinez.
Estandarrak betetzeari dagokionez, Acid 2 testa (argibide gehiago Wikipedian) gainditzea lortu du Firefox 3k, beraz urrats garrantzitsua da ezbairik gabe. Hala eta guztiz ere, nabigatzaile moderno gehienek test hau gainditzen dute eta hurrengo jomuga Acid 3 testa da. Azken honetan labur dabil azeria, 100etik 71an geratzen baita eta, kontrarioek lortu dute %100era ailegatzea, Operak eta WebKit motorrak (Safarik darabilena), kasu.
Firefox 2ak zuen kritikarik nagusiena memoriaren erabilerari zegokion eta bertsio berrian arreta berezia jarri da memoriaren kudeaketa hobetzen. Egin diren neurketek hobekuntza nabaria adierazten duten arren, nire ustez erabiltzaileen egunean eguneko jardunak esango du benetan aurrerapausorik eman den ala ez. Bien bitartean, esan behar da hobetzeko tartea badagoela oraindik ingurumari honetan.