ertza

software librea eta euskararen arteko ertzean.

Archive for the ‘gogoratzekoak’


Nola biratu mahaigaina 90 gradu

Dell 2408WFP erosi berriak (hainbeste ordu pantailaren aurrean…) pantaila 90 gradu biratzeko aukera ematen duenez, probatzeko gogoa neukan.

Antza denez Windows eta Mac OS X sistema eragileetan pantaila biratzearekin irudia ere automatikoki biratzen da. Ohiko moduan, GNU/Linux erabiltzaileak beste multzo batean gaude eta, beraz, pixka bat saltseatu beharra dago aipatu efektua lortzeko.

Gakoa X.Orgen RandR (Resize and Rotate) gehigarrian dago, izenak dioen moduan pantailako irudia neurriz aldatu (monitore bat baino gehiagoko konfigurazioetarako) eta biratzeko aukera ematen baitigu. RandR gehigarria gaitzeko /etc/X11/xorg.conf fitxategia editatu behar da eta gure txartel grafikoaren atalean (Section "Device") ondorengoa gehitu:

Option      "RandRRotation" "true"

Aldaketek eragina izan dezaten X zerbitzaria berrabiarazi behar da. Falta den bakarra mahaigaina biratzea da. Nola egiten da? Pentsatzen dut GNOME eta KDE bezalako mahaigain modernoetan zuzenean hori egiteko aukeraren bat egongo dela, baina leiho kudeatzaile soil bat erabiltzen dugunok (Fluxbox kasu), komando baten laguntza behar dugu: xrandr

Hortaz, mahaigaina biratzeko:

xrandr -o left

Eta berriro jatorrizko egoerara bueltatzeko:

xrandr -o normal

Noski, hau guztia aldiro idaztea nekosoa denez, laster-tekla bana eslei diezaiokegu ekintza bakoitzari funtzionalitatearen atzipen zuzena izateko. Nahikoa da ~/.fluxbox/keys fitxategian bi lerro gehitzea:

Mod1 F11 :execCommand xrandr -o normal
Mod1 F12 :execCommand xrandr -o left

Beraz, hemendik aurrera Alt + F12 sakatuta mahaigaina biratuko da eta Alt + F11 sakatuta ohiko egoerara bueltatuko da.