Abuztua 29th, 2008
in
SoC 08, pootle, proiektuak |
No Comments →
Badirudi atzo bertan bidali nuela Google Summer of Code 2008an parte hartzeko proposamena eta, gauzak nola diren, kodea idazteko epea duela egun batzuk amaitu zen. Nire ikuspuntutik itzelezko esperientzia berria izan da eta post honetan egindako lana eta egiteke geratu dena laburbiltzen saiatuko naiz.
Agian jakingo duzuenez, nire proiektuaren helburua Pootle-ren erabiltzaile esperientzia hobetzea izan da eta horretarako funtzionaltasun berriak gehitzen eta aurretik zeudenak hobetzen saiatu naiz.
Read the rest of this entry »
Ekaina 24th, 2008
in
ertzetik |
No Comments →
WordPressen Gengo plugina erabilita dagoeneko bloga euskaraz nahiz ingelesez jarri dut. Aurreko batean komentatzen nuen bezala, batez ere Summer of Coderi buruzkoak idazteko erabiliko dut atal berria.
Gainera, konturatuko zineten bezala itxura ere pixka bat moldatu dut, gauza handirik ez baina tira. Orain falta dena ingelesezko edukiak gehitzen joatea da, batez ere proiektua aurrera doala adieraziko duelako!
Ekaina 2nd, 2008
in
artikuluak, sysadmin |
No Comments →
Klaserako lan batean posta-zerbitzari bat martxan jartzeko aukera izan dut eta beti buruan izan dudan sistema potente hori egiteko aitzakia paregabea izan da:
Honen guztiaren oinarri Debian GNU/Linux Etch sistema da eta abiapuntu gisa Christoph Haas-en ISP-style Email Server with Debian-Etch and Postfix 2.3 artikulua hartu dut. Lanaren emaitza Unibertsitatea.net atariko Otarrean aurki dezakezue edo zuzenean deskargatu nahi izanez gero: Posta-zerbitzari oso bat martxan jartzea (PDF, 216K)
Dokumentuak GNU FDL 1.2 lizentzia du beraz edozein aldaketa, ekarpen, itzulpen edo dena delako egin nahi baduzue, aurrera.
Maiatza 28th, 2008
in
firefox, librezale, proiektuak, softwarea |
2 Comments →
Firefox 3ren gainbegiratuarekin amaitzeko euskarazko lokalizazioan egin den lana azaleratu nahi nuke. Hilabete luzetako lana izan da eta ahalik eta emaitzarik osoena lortzen saiatu gara Librezalen, nahiz eta beti aurkitzen diren akats berriak. Baliabide (pertsona) faltak ere zeresan handia izan du eta ez gara nekatuko jendea parte hartzera animatzen; hortxe duzue mozilla posta-zerrenda edozertarako, bertan ematen da eztabaida nagusia eta zuek ere parte har dezakezue.
Lokalizazioan murgilduz, batetik itzulpena bera aipatu behar da, hau baita ikusten den lanaren zatirik handiena. Oinarrizko estilo irizpide batzuk finkatu eta horiek ezartzen saiatu gara. Lan handia izan da, Firefox 2an zegoena ia guztiz berridaztea baitzekarren aldaketak. Beste saiakera nagusia terminologia bateratzen egin da, azken emaitzaren kontsistentzia bilatze aldera.
Itzulpenarena baino eremu handiagoa hartzen du lokalizazioak ordea eta ildo horretan ere ahaleginak egin dira. Emaitzak hainbat lekutan ikus daitezkeen arren, bi zati nabarmenduko ditut: bilaketa-barra eta lineako jario irakurgailuak.
Bilaketa-barrari dagokionez, batetik Euskarazko Wikipediarako bilaketa gomendioak gaitu dira. Horrela, bilaketa-motorren artean Wikipedia aukeratuta dagoenean, testu-kutxan hitz hasiera idatzi eta automatikoki hainbat gomendio emango zaizkigu.
Bestetik, Elebila euskarazko bilatzailea gehitu da bilaketa-barran. Firefox 3 instalatzean beraz, Elebila modu zuzenean erabiltzeko ez da beharrezkoa izango inolako plugin-ik instalatzea.
Euskarazko Wikipedian gomendioak bistaratzen dira orain.
Lineako jario irakurgailuen atalean, bestalde, euskaraz dauden bi tresna gehitu zaizkio aurretik Bloglines, Google Reader eta My Yahoo!-k osatzen zuten zerrendari: Alesti eta Netvibes
Lineako jario irakurgailu berriak ditu Firefox 3k.
Aipatutako guztiaz gain, ezin dezakegu ahantzi Xuxen zuzentzaile ortografikoa, zenbaitzuen eguneroko lanerako ezinbesteko osagarria dena. Ikuspegi teknikotik, Firefox 3an ortografia-egiaztatzaileak aldaketak jasan ditu, atzetik Hunspell motorra erabiliko baitu. Motor hau atzerantz bateragarria da Myspell-ekin eta, hortaz, Firefox 2an erabil zitekeen hiztegia bertsio berrian ere erabil daiteke. Edonola ere, motor berriaren onurak baliatzeko, espero dugu laster jarri ahal izatea denon eskura Hunspell motorreko hiztegia gehigarri gisa.
Azkenik, gogoratu bertsio honetan edozein akats topatuz gero Librezaleko wikia edo posta-zerrenda zabalik daudela hauen berri emateko.
Maiatza 27th, 2008
in
firefox, librezale, proiektuak, softwarea |
No Comments →
Urruti geratu da Firefox 3ari buruz egindako berrikuspen sorta honen hirugarren zatia. Hurrengo asteetan behin-betiko bertsioa kaleratuko da (gaur bertan erabakiko dute RC2a egongo den ala ez) eta, hori gertatu aurretik, begiradatxo laburra eman nahi nioke datorrenari, horrenbeste nabarmentzen ez diren ataletan erreparatuz.
Horien artean, beltzez azpimarratzeko modukoa da orriak errendatzeko Cairo motor grafikoa erabiltzea. Cairo Firefox 2an SVG elementuak errendatzeko erabiltzen zen baina honen eremua hedatu egin da orain. Ondorioz, orriaren zoomak testuari soilik eragin beharrean orri guztiari eragiten dio. Zooma gerturatu edo urruntzean, beraz, testuarekin batera aldatuko dira tamainaz inguruko elementu guztiak.
Zoomarekin lotura eginez, pantaila osoko ikuskera berria aipa daiteke. Firefox 2an orria pantaila osoan ikusteko aukeratuz gero, goian tresna-barrak bistaratzen ziren, beraz ez zen benetako pantaila osoko ikuskera. Firefox 3an, aldiz, tresna-barrak ezkutatu egiten dira eta pelikulak bezala jar ditzakegu webguneak pantaila osoan; aurkezpenetarako aukera egokia, zinez.
Estandarrak betetzeari dagokionez, Acid 2 testa (argibide gehiago Wikipedian) gainditzea lortu du Firefox 3k, beraz urrats garrantzitsua da ezbairik gabe. Hala eta guztiz ere, nabigatzaile moderno gehienek test hau gainditzen dute eta hurrengo jomuga Acid 3 testa da. Azken honetan labur dabil azeria, 100etik 71an geratzen baita eta, kontrarioek lortu dute %100era ailegatzea, Operak eta WebKit motorrak (Safarik darabilena), kasu.
Firefox 2ak zuen kritikarik nagusiena memoriaren erabilerari zegokion eta bertsio berrian arreta berezia jarri da memoriaren kudeaketa hobetzen. Egin diren neurketek hobekuntza nabaria adierazten duten arren, nire ustez erabiltzaileen egunean eguneko jardunak esango du benetan aurrerapausorik eman den ala ez. Bien bitartean, esan behar da hobetzeko tartea badagoela oraindik ingurumari honetan.
Maiatza 8th, 2008
in
gogoratzekoak |
No Comments →
Dell 2408WFP erosi berriak (hainbeste ordu pantailaren aurrean…) pantaila 90 gradu biratzeko aukera ematen duenez, probatzeko gogoa neukan.
Antza denez Windows eta Mac OS X sistema eragileetan pantaila biratzearekin irudia ere automatikoki biratzen da. Ohiko moduan, GNU/Linux erabiltzaileak beste multzo batean gaude eta, beraz, pixka bat saltseatu beharra dago aipatu efektua lortzeko.
Gakoa X.Orgen RandR (Resize and Rotate) gehigarrian dago, izenak dioen moduan pantailako irudia neurriz aldatu (monitore bat baino gehiagoko konfigurazioetarako) eta biratzeko aukera ematen baitigu. RandR gehigarria gaitzeko /etc/X11/xorg.conf fitxategia editatu behar da eta gure txartel grafikoaren atalean (Section "Device") ondorengoa gehitu:
Option "RandRRotation" "true"
Aldaketek eragina izan dezaten X zerbitzaria berrabiarazi behar da. Falta den bakarra mahaigaina biratzea da. Nola egiten da? Pentsatzen dut GNOME eta KDE bezalako mahaigain modernoetan zuzenean hori egiteko aukeraren bat egongo dela, baina leiho kudeatzaile soil bat erabiltzen dugunok (Fluxbox kasu), komando baten laguntza behar dugu: xrandr
Hortaz, mahaigaina biratzeko:
Eta berriro jatorrizko egoerara bueltatzeko:
Noski, hau guztia aldiro idaztea nekosoa denez, laster-tekla bana eslei diezaiokegu ekintza bakoitzari funtzionalitatearen atzipen zuzena izateko. Nahikoa da ~/.fluxbox/keys fitxategian bi lerro gehitzea:
Mod1 F11 :execCommand xrandr -o normal
Mod1 F12 :execCommand xrandr -o left
Beraz, hemendik aurrera Alt + F12 sakatuta mahaigaina biratuko da eta Alt + F11 sakatuta ohiko egoerara bueltatuko da.