Firefox 2.0rekin batera RSS jarioetara harpidetzeko hainbat hobekuntza etorri ziren. Horrela, jarioa duten webguneetara harpidetzeko nahikoa da helbide-barrako botoia sakatzea. Gero, —gure hobespenen arabera beti ere— Firefoxek galdetuko digu ea zein irakurgailu erabili nahi dugun jario horretara harpidetzeko. Hiru aukera-mota azaltzen zaizkigu:

  • Laster-marka dinamikoak. Honekin jarioak laster-markak bailiran agertuko zaizkigu, Firefoxen erabiltzaile-interfazean integratuta.
  • Kanpoko aplikazio bat. Mahaigaineko programa bat aukeratzeko leihoa azalduko zaigu harpidetza burutzeko.
  • Sareko zerbitzu bat. Egungo joera informazioa webean izatea denez, sareko irakurgailu batean (Bloglinesen adibidez) harpidetza egiteko aukera zuzena eskaintzen zaigu.

Ordea, azken hau baldin bada gure aukera, apurtxo bat mugatuta senti gaitezke, harpidetzak egiteko aukera hiru jario-irakurgailutarako bakarrik ematen zaigulako: Bloglines, My Yahoo! eta Google Reader zehazki. Nik baina Alesti erabiltzen dut, euskaraz dagoelako eta sudurraren puntan jartzen zaidalako. Hobespenen leihoan gainera, ez daukagu hauek pertsonalizatzeko aukerarik. Orduan, balia al dezaket Firefoxen ezaugarri hau edo ez dago modurik?

about:config

Nahiz eta aukerak agerian ez egon, Firefoxen dena alda daiteke. Kasu hauetan about:config gure laguna da. Idatzi helbide-barran about:config interneteko helbide bat bailitzan eta zerrenda luze bat agertuko da. Zerrenda horretan uneko profilak dituen hobespen guztiak agertzen dira, bai nabigatzailearekiko nahiz gehigarriekiko ezarrita daudenak.
Iragazkia testu-kutxan contentHandlers idazten badugu, ikusiko dugu nola bertan aurrez aipatutako hiru irakurgailuak agertzen diren. Sarrera guztiek formatu bera dute, contentHandlers.types.i, non i zenbaki bat den. Zenbakirik handiena izango dugu gogoan; nire kasuan 5 da.
Segidan, irakurgailu berri bat gehituko dugu. Kontua sarrera berriak gehitzea izango da, eta horretarako eskuin-klika egin beharko dugu leihoaren barruan eta Berria > Katea menu-aukerara jo. Hiru urrats nahikoak izango dira eta urrats bakoitzeko sarrera bana sortuko dugu:

  1. Hobespen-izena: browser.contentHandlers.types.6.title
    Balioa: Alesti
  2. Hobespen-izena: browser.contentHandlers.types.6.type
    Balioa: application/vnd.mozilla.maybe.feed
  3. Hobespen-izena: browser.contentHandlers.types.6.uri
    Balioa: http://www.alesti.org/?subscribe-feed=%s

Pantailan horrelako zerbait agertu beharko zaigu:
about:config

Kontuan izan aurrez zegoen zenbaki maximoari bat gehitu diogula eta horregatik erabili dugula 6 zenbakia hobespenen izenetan. Bestetik, harpidetza burutzeko URIan %s parametroa erabiliko da; hau jarioaren helbideagatik ordezkatuko da.
Adibide honetan irakurgailu berri bat gehitu dugu, nahiz eta aurrez zegoen baten gainen egin genitzakeen aldaketak. Sareko beste edozein irakurgailu gehitu nahi izanez gero, aldatu beharreko bakarra lehenengo eta hirugarren urratsetako balioak dira. Hau da, pantailan bistaratuko den izenburua eta harpidetzeko helbidea.
Behin aldaketa hauek eginda, Firefox berrabiarazi eta helbide-barrako botoian klik egitean gure irakurgailu gogokoenarekin harpidetzeko aukera izango dugu!

Alestin Firefoxen