ertza

software librea eta euskararen arteko ertzean.


Merkea da gero Microsoft-ekin tratuan aritzea…

Parlamentuaren datu-basea kuxkuxeatzen nenbilela, a ze nolako perla aurkitu dudan:

Informatikako produktuen itzulpenaren kostua Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta Microsoft enpresak adostu beharko badute ere, aurre-akordioetan hirurehun eta hamahiru milioi ehun mila (313.100.000,-) pezetako kostua orokorra aurreikusten da.

Kontuan izan diru-kopuru hori 1998. urteko pezetatan dagoela.
Hori laugarren puntuan. Zazpigarrenak ere ez du desperdiziorik:

Hitzarmena izenpetzen duten aldeek, beren erakundeetan, euskarazko produktuen erabilera sustatzeko konpromisoa hartzen dute. Hori horrela, eta bakoitzak egokitzat jotzen dituen neurriak kontuan, euskarazko sistema eragilea aurretik barneratuta daraman hardwarea eskuratzearen aldeko ekintzak bultzatuko dituzte.

Uste dut pixka bat ezjakina naizela: inon saltzen dute euskarazko Windowsa dakarren hardwarerik? Eusko Jaurlaritzak bere etxean euskarazko softwarea erabiltzen du?

Tira, laster gehiago, ziur…

Lankidetza Hitzarmena, Eusko Jaurlaritzaren, foru- aldundien eta Eudel-en artekoa, Microsoft-eko informatikako produktu zenbait euskarara itzultzeko eta lokalizatzeko.

Firefox 3 Beta 1 ez da euskaraz egongo…

…baina ez da larritzeko kontua. Gaur Beta 1 izan daitekeena probatzeko hitzordua jarrita dago mundu mailan eta laster batean izango da kalean lehenengo beta.
Euskarari dagokionez, oraindik kate guztiak itzuli gabe daudenez, Axel Hecht lokalizazio lanen arduradun nagusiak esan digu hobe dela ongi bukatutako lana argitara ematea eta ez erdizka dagoena. Bere hitzetan:

That doesn’t sound like a really good beta candidate for me. Folks that are fine with English strings are probably fine with testing just the new Firefox features with an English build for now.
(…)
I’d rather see you guys put something out in the wild that you’re confident in in an upcoming milestone than to rush ahead now and get loads of feedback that all the cool fx3 stuff sucks because it’s not translated.

Hortaz ez larritu Firefox 3 B1 kaleratzen denean euskaraz ez baduzue ikusten. Librezalen aurrera begira ari gara lanean azeriak inoiz baino hobeto euskaraz jakin dezan. Publikoki argitaratuko diren hurrengo bertsioetan (B2, B3, RC1, …) presente izango gara beraz. Hala eta guztiz ere, edonoren eskura daude egunero azken kodearekin sortzen diren paketeak. Hauek bai: euskaraz eta labetik atera berriak.

Euskalbarren bideoa

Asier Sarasua Garmendia artista hutsa eginda dago eta Euskalbarren funtzionalitate guztiak erakutsi dizkigu lau minutu pasatxoko bideo honetan. Euskalbar sakonean ezagutzeko aitzakia bikaina!

Aldaketak Gmail-en interfazean

Nabigatzailea ireki dudanean Gmail notifier ez zebilela konturatu naiz eta Gmail-era gune nagusitik sartzea okurritu zait. Goian eskuinaldean agertzen den ohiko Loading… gorria beste leku batean ikusita aldaketa usaina hartu diot honi. Pantaila kargatu da eta hara, erabiltzaile-interfazeak aldaketak izan dituela begibistakoa da.
Goitibeherako menuak estilo pertsonalizatuan daude orain eta txata derrigorrez bistaratzen da. Mezu baten gainean sagua jartzean agertzen diren tooltip-ak ere ezberdinak dira, informazio gehiagorekin. Orain gainera, nabigatzailearen Atzera botoia badabil, Ajax aplikazioetan hainbeste kritikatzen den albo-ondorio honi aurre eginez. Bestalde, mezuak azkarrago kargatzen direla dirudi, bat-batean. Hala eta guztiz ere, moteltasun inpresioa eman dit eta nirea bezalako makina zaharretan makal ibiliko den irudipena daukat. Eta hori ez zait gustatzen, pisuzko arrazoi nahikoa iruditzen zait bertsio zaharra erabiltzen jarraitzeko —Older version sakatuta—. Gainera, oraindik ez dute aspalditik zain gauden ezaugarri sinple hori gehitu: euskarazko itzulpena.
Egia da pasa den astean postarako IMAP gaitu zutela eta orokorrean zerbitzu ona ematen duela Gmail-ek, baina aipatutako txikikeriengatik egunetik egunera gehiago desmotibatzen nau. Aldaketarako ordua iritsi da?

Euskalbar 3.0 argitaratua

Aurreko asteko aurrerapenaren ondoren dagoeneko argitaratu dugu Euskalbarren 3.0 bertsioa. Oraingo honetan ordea, Mozillaren gehigarrien gune ofizialean (AMO) jarri dugu. Gune publikoan eskuragarri egon aurretik baina, erabiltzaileen berrikuspen positiboak behar dira. Behin hori lortuta, Euskalbar gune publikoan egongo da denon eskura eta eguneraketa automatikoa martxan jarriko dugu.
Probagunea atzitzeko AMOn erregistratzea beharrezkoa da eta ezarpen pertsonaletan Probagunea ikusi? markatuta eduki behar da. Euskalbar ez dugu ohiko gunean zuzenean jaisteko moduan utzi AMOko onarpena azkartu nahian erabiltzaileen berrikuspenak jasotzeko. Sentitzen dugu nahas-mahas hau baina gertatu beharreko zerbait da harik eta euskararen agerikotasunean beste urrats bat eman nahi badugu.
Jaitsi Euskalbar 3.0
Eguneraketa: Dagoeneko Euskalbar onartu dute gune publikoan eta zuzenean jaitsi dezakezue. Eskerrik asko zuen iritzia eman duzuen guztioi!

Euskalbar berriak ekarriko duena

Euri dezente egin du apirilean Euskalbar 2.1 argitaratu genuenetik eta ordutik hona ez zaio inolako funtzionaltasun berririk gehitu. 2.2 bertsioa duela bi aste atera genuen baina presazko kontu modura, hain zuzen sareko Elhuyar hiztegiak aldaketak izan baitzituen.
Apiriletik hona garapenak aurrera jarraitu du eta horretan jarraitzekotan gara. Urte hasieran Asier Sarasua Garmendiak (eta ez Aranberrik) Euskalbarren garapenarekin jarraituko ez zuela esan arren, uda partean monoak jota berriro hasi da lanean. Azken hilabete hauetan Asier eta bion artean egindako lanaren aurrerapena duzue hau.
(more…)