ertza

software librea eta euskararen arteko ertzean.


Firefox 3 (eta V): lokalizazioa

Firefox 3ren gainbegiratuarekin amaitzeko euskarazko lokalizazioan egin den lana azaleratu nahi nuke. Hilabete luzetako lana izan da eta ahalik eta emaitzarik osoena lortzen saiatu gara Librezalen, nahiz eta beti aurkitzen diren akats berriak. Baliabide (pertsona) faltak ere zeresan handia izan du eta ez gara nekatuko jendea parte hartzera animatzen; hortxe duzue mozilla posta-zerrenda edozertarako, bertan ematen da eztabaida nagusia eta zuek ere parte har dezakezue.

Lokalizazioan murgilduz, batetik itzulpena bera aipatu behar da, hau baita ikusten den lanaren zatirik handiena. Oinarrizko estilo irizpide batzuk finkatu eta horiek ezartzen saiatu gara. Lan handia izan da, Firefox 2an zegoena ia guztiz berridaztea baitzekarren aldaketak. Beste saiakera nagusia terminologia bateratzen egin da, azken emaitzaren kontsistentzia bilatze aldera.

Itzulpenarena baino eremu handiagoa hartzen du lokalizazioak ordea eta ildo horretan ere ahaleginak egin dira. Emaitzak hainbat lekutan ikus daitezkeen arren, bi zati nabarmenduko ditut: bilaketa-barra eta lineako jario irakurgailuak.

Bilaketa-barrari dagokionez, batetik Euskarazko Wikipediarako bilaketa gomendioak gaitu dira. Horrela, bilaketa-motorren artean Wikipedia aukeratuta dagoenean, testu-kutxan hitz hasiera idatzi eta automatikoki hainbat gomendio emango zaizkigu.
Bestetik, Elebila euskarazko bilatzailea gehitu da bilaketa-barran. Firefox 3 instalatzean beraz, Elebila modu zuzenean erabiltzeko ez da beharrezkoa izango inolako plugin-ik instalatzea.

Euskarazko Wikipedian gomendioak bistaratzen diraEuskarazko Wikipedian gomendioak bistaratzen dira orain.

Lineako jario irakurgailuen atalean, bestalde, euskaraz dauden bi tresna gehitu zaizkio aurretik Bloglines, Google Reader eta My Yahoo!-k osatzen zuten zerrendari: Alesti eta Netvibes

Lineako jario irakurgailu berriak ditu Firefox 3kLineako jario irakurgailu berriak ditu Firefox 3k.

Aipatutako guztiaz gain, ezin dezakegu ahantzi Xuxen zuzentzaile ortografikoa, zenbaitzuen eguneroko lanerako ezinbesteko osagarria dena. Ikuspegi teknikotik, Firefox 3an ortografia-egiaztatzaileak aldaketak jasan ditu, atzetik Hunspell motorra erabiliko baitu. Motor hau atzerantz bateragarria da Myspell-ekin eta, hortaz, Firefox 2an erabil zitekeen hiztegia bertsio berrian ere erabil daiteke. Edonola ere, motor berriaren onurak baliatzeko, espero dugu laster jarri ahal izatea denon eskura Hunspell motorreko hiztegia gehigarri gisa.

Azkenik, gogoratu bertsio honetan edozein akats topatuz gero Librezaleko wikia edo posta-zerrenda zabalik daudela hauen berri emateko.

Firefox 3 (IV): agerikoa ez dena

Urruti geratu da Firefox 3ari buruz egindako berrikuspen sorta honen hirugarren zatia. Hurrengo asteetan behin-betiko bertsioa kaleratuko da (gaur bertan erabakiko dute RC2a egongo den ala ez) eta, hori gertatu aurretik, begiradatxo laburra eman nahi nioke datorrenari, horrenbeste nabarmentzen ez diren ataletan erreparatuz.

Horien artean, beltzez azpimarratzeko modukoa da orriak errendatzeko Cairo motor grafikoa erabiltzea. Cairo Firefox 2an SVG elementuak errendatzeko erabiltzen zen baina honen eremua hedatu egin da orain. Ondorioz, orriaren zoomak testuari soilik eragin beharrean orri guztiari eragiten dio. Zooma gerturatu edo urruntzean, beraz, testuarekin batera aldatuko dira tamainaz inguruko elementu guztiak.

Zoomarekin lotura eginez, pantaila osoko ikuskera berria aipa daiteke. Firefox 2an orria pantaila osoan ikusteko aukeratuz gero, goian tresna-barrak bistaratzen ziren, beraz ez zen benetako pantaila osoko ikuskera. Firefox 3an, aldiz, tresna-barrak ezkutatu egiten dira eta pelikulak bezala jar ditzakegu webguneak pantaila osoan; aurkezpenetarako aukera egokia, zinez.

Estandarrak betetzeari dagokionez, Acid 2 testa (argibide gehiago Wikipedian) gainditzea lortu du Firefox 3k, beraz urrats garrantzitsua da ezbairik gabe. Hala eta guztiz ere, nabigatzaile moderno gehienek test hau gainditzen dute eta hurrengo jomuga Acid 3 testa da. Azken honetan labur dabil azeria, 100etik 71an geratzen baita eta, kontrarioek lortu dute %100era ailegatzea, Operak eta WebKit motorrak (Safarik darabilena), kasu.

Firefox 2ak zuen kritikarik nagusiena memoriaren erabilerari zegokion eta bertsio berrian arreta berezia jarri da memoriaren kudeaketa hobetzen. Egin diren neurketek hobekuntza nabaria adierazten duten arren, nire ustez erabiltzaileen egunean eguneko jardunak esango du benetan aurrerapausorik eman den ala ez. Bien bitartean, esan behar da hobetzeko tartea badagoela oraindik ingurumari honetan.

Firefox 3 (III): integratutako aplikazioen eraberritzea

Firefoxen bertan integratuta dauden laster-marken, deskargen eta gehigarrien kudeatzaileek aldaketa sakonak jasan dituzte azkenaldian eta erabiltzeko aukerak zabaltzeaz gain erabiltzeko erraztasuna hobetu da. Azter ditzagun banan-banan.

(more…)

Firefox 3 (II): helbide-barra berria

Helbide- edo kokaleku-barrak jasandako aldaketak ez dira nolanahikoak eta barrak bere horretan aztertzeak merezi du. Helbide-barrak ematen digu Interneterako sarbide zuzena, edonora eramaten gaitu blaust batean eta nabigatzailearen atal erabilienetako bat da oro har —nahiz eta jende askok pentsatu helbideak bilatzailean jarri behar direla!—.

Helbide-barra berriak uneko kokalekuari buruzko ezinbesteko informazioa ematen digu: helbidea bera, segurtasuna, jarioa edo izar marka ezarrita daukan —laster-marka egina dagoen, alegia—. Gainera, informazio hori guztia trinkotuta bistaratuko da; eskuinaldean zentratzen bagara esate baterako, gune konkretu batera joateko Joan botoia helbidea idazten ari garenean agertuko zaigu soilik —Enter sakatzearen parekoa testuinguru honetan—. RSS jarioa duten guneetan halaber, ohiko laranja koloreko ikonoa bistaratuko da. Izar itxurako ikonoa berria da baina. Honek, uneko orriaren laster-marka egina dagoenetz adieraziko digu: izarra piztuta, laster marka egina; izarra itzalita, laster-markarik ez. Adierazi ez ezik, klik bakarrarekin laster-marka zuzenean egiteko aukera ere ematen digu. Piztutako izarrean berriro klik eginez gero, laster-markaren xehetasunak alda ditzakegu, hala nola izena, zein lekutan biltegiratuko den eta aplikatuko zaizkion etiketak.

Laster-marka gehitzeko beste modu batPiztutako izarraren gainean klik eginda laster-markaren xehetasunak alda daitezke.

Ezkerraldean bestalde, uneko webgunearen ohiko ikonoa daukagu eta bertan klik eginez gero gunearen nortasunari buruzko informazioa bistaratuko da: ea bere burua identifikatzen duen, konexioa zifratuta dagoen, … Segurtasunari begira, ohiko moduan helbidearen atzeko-planoko kolorea aldatu egingo da gune seguru batean bagaude. Berdin, phishinga edo iruzurra izan daitekeen gune baten aurrean bagaude.

Egiaztatutako kokalekuaGunearen nortasunari buruzko informazioa.

Ezaugarri berri eta ikusgarrienetako bat ordea, helbideen zerrenda bistaratzeko modua da. Honekin batera, helbide bat idazten gabiltzanean, dagoeneko bisitatuta dauzkagun guneen arteko bilaketak ere ezberdin antolatzen dira, izan ere, guneen helbideetan ez ezik hauen izenburuetan ere bilatuko baita. Honela bada, gune baten helbidea ez badugu gogoratzen, helbide-barran gunearekin lotutako hitzen bat idatzita helbidea bera topatzeko gai izan gaitezke. Hala eta guztiz ere, ezaugarri berri hau nahiko makala somatu dut —makina potentea duzuenok esan beharko duzue zer moduz dabilen—, idatzitako hizki bakoitzarekin bilaketa automatikoki hasten baita eta helbideak idaztera ohituta dagoenarentzat nahasteko modukoa izan daiteke. Badago baina Firefox 2an bezalako helbide-zerrenda agerraraztea, bereziki horretarako dagoen oldbar hedapenarekin. Hasiera batean aldaketa hau ezkutuko hobespen batekin egin zitekeen, baina kentzea erabaki dute. Ez dakit benetako arrazoia zein den, baina zentzuzkoena hobespen bezala uztea zelakoan nago.

Helbideen informazio osatuaHelbide zehatz bat aurkitzeko aukerak zabalagoak dira.

Azkenik txikikeria praktiko bat: helbidean zehar mugitu eta testua aukeratzeko gaitasunaren hobekuntza. Teklatua asko erabiltzera ohituta gaudenok, Ktrl+gezia erabiltzeko joera dugu testuaren zati txikiagotan zehar mugitzeko. Ba helbideen kasuan, Firefox 2an ezinezkoa zen modu horretan mugitzea. Orain, aldiz, helbide baten zati esanguratsu guztiak modu erraz eta azkarrean atzi ditzakegu aipatutako moduan.

Firefox 3 (I): interfaze eta sistemaren arteko integrazioa

Firefox 3ak interfaze aldetik aldaketa nabarmenak ekarriko ditu, izan ere ahalegin berezia egiten ari baita sistemaren itxurarekin ahalik eta hobekien bat etortzeko. Hasiera batean bateratze bisualaren indarrak Windows eta Mac OS X sistemetan zentratu baziren ere, erabiltzaileen eskaerak tarteko integrazio hori GNU/Linux sistemetara hedatzea erabaki da.
Honek esan nahi du gure nabigatzaileak itxura ezberdina izango duela sistema ezberdinetan. Alex Faaborg erabiltzaile-interfazearen diseinuaren arduradunaren hitzetan, bateratutako plataforma arteko interfaze batekin, kasurik onenean aplikazioak edonon arrotz sentitzea lortuko genuke eta kasurik txarrenean berriz ez lukete benetako aplikazio baten itxura ere izango.
Atentzioa GNU/Linux sistemetara bideratzen badugu, Firefoxek gure sisteman ezarrita daukagun GTK gaia kontuan hartuko du eta horren arabera bistaratuko dira interfazeko elementu nagusiak, hala nola tresna-barra nagusietako botoiak eta web orrietako inprimakien kontrolak —beti ere ez badago definituta bestelako estilorik—. Honi buruz gehiago idatzi dute ars technican.

Firefox gnome-icon-theme ikonoekinFirefox 3 GNOME ikonoekin.
Firefox Tango ikonoekinFirefox 3 Tango ikonoekin.

Gainontzeko sistemetan, azkenaldiko aurrerapenak nabigazio tresna-barraren birdiseinaketan egin dira. Hainbat maketa egin dira eta nabarmenena Atzera botoia handitu dutela da. Oro har atzerantz joateko eragiketa maizago egiten baita aurrerantzakoa baino. Honekin bestalde, nabigatzailearen nortasun propioa azpimarratu nahi da, bistazo bakarrarekin jakin dezagun Firefoxen aurrean gaudela.
Gainera beste zenbait aldaketa egin dira, adibidez hasiera orrialdera joateko botoia birkokatzea edo kokaleku-barrako botoien antolaketa aldatzea.