Aste honetan bertan Googlen Gmail posta zerbitzuak izandako aldaketen ondorioz Firefoxeko Gmail notifier hedapena ez dabil. Hedapenak gune zaharra espero duen tokian gune berria aurkitzen duenez komunikazioa ez du ongi burutzen.
Arazo honi aurre egiteko, AMOko eztabaidagunean adierazi bezala, aldaketa txiki batzuk egin beharko ditugu hedapenaren nsGMNotifierService.js fitxategian. Fitxategi hau zuen uneko profilaren karpetaren /extensions/{44d0a1b4-9c90-4f86-ac92-8680b5d6549e}/components/ azpikarpetan dago. Bertan:
?search=query&q=is%3Aunread&view=tl&start=0&init=1&
agerpenen bukaeran &ui=1 gehitu beharko dugu, mezu berrien bilaketa interfaze zaharrean egin dezan. Hau da,
?search=query&q=is%3Aunread&view=tl&start=0&init=1&ui=1
bezala utzi beharko dira agerpen horiek.
Firefox berrabiarazi eta lehen bezala txintxo-txintxo jakinaraziko digu mezu berriak daudenean.
Nabigatzailea ireki dudanean Gmail notifier ez zebilela konturatu naiz eta Gmail-era gune nagusitik sartzea okurritu zait. Goian eskuinaldean agertzen den ohiko Loading… gorria beste leku batean ikusita aldaketa usaina hartu diot honi. Pantaila kargatu da eta hara, erabiltzaile-interfazeak aldaketak izan dituela begibistakoa da.
Goitibeherako menuak estilo pertsonalizatuan daude orain eta txata derrigorrez bistaratzen da. Mezu baten gainean sagua jartzean agertzen diren tooltip-ak ere ezberdinak dira, informazio gehiagorekin. Orain gainera, nabigatzailearen Atzera botoia badabil, Ajax aplikazioetan hainbeste kritikatzen den albo-ondorio honi aurre eginez. Bestalde, mezuak azkarrago kargatzen direla dirudi, bat-batean. Hala eta guztiz ere, moteltasun inpresioa eman dit eta nirea bezalako makina zaharretan makal ibiliko den irudipena daukat. Eta hori ez zait gustatzen, pisuzko arrazoi nahikoa iruditzen zait bertsio zaharra erabiltzen jarraitzeko —Older version sakatuta—. Gainera, oraindik ez dute aspalditik zain gauden ezaugarri sinple hori gehitu: euskarazko itzulpena.
Egia da pasa den astean postarako IMAP gaitu zutela eta orokorrean zerbitzu ona ematen duela Gmail-ek, baina aipatutako txikikeriengatik egunetik egunera gehiago desmotibatzen nau. Aldaketarako ordua iritsi da?