LOGOk 40 urte bete dituela jakin berri dut Slashdoten eta horrekin batera oroitzapen gozoak etorri dira dortoka forman: lehenengo informatika klasetan Windows 3.1pean Win-Logorekin egindako marrazkitxo haiek…

Baina horrekin batera jakin dut LOGOren atzetik Lisp programazio-lengoaia dagoela —hau aitontzar bat LOGOren aldean, ia 50 urte!—. Azken aste hauetan hasi berri naiz Lispekin lehenengo txapuzak egiten eta hara kasualitateak nolakoak diren, nik uste bainuen nire bizitzan gauza berria zela Lisp baina hamaika urte lehenago ere hortxe izan nuen muturren aurrean. av 30 gd 90 eta tankerako aginduekin hasi ginen programatzen, baina artean txikiegiak ginen horretaz konturatzeko.