Merkea da gero Microsoft-ekin tratuan aritzea…
Parlamentuaren datu-basea kuxkuxeatzen nenbilela, a ze nolako perla aurkitu dudan:
Informatikako produktuen itzulpenaren kostua Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta Microsoft enpresak adostu beharko badute ere, aurre-akordioetan hirurehun eta hamahiru milioi ehun mila (313.100.000,-) pezetako kostua orokorra aurreikusten da.
Kontuan izan diru-kopuru hori 1998. urteko pezetatan dagoela.
Hori laugarren puntuan. Zazpigarrenak ere ez du desperdiziorik:
Hitzarmena izenpetzen duten aldeek, beren erakundeetan, euskarazko produktuen erabilera sustatzeko konpromisoa hartzen dute. Hori horrela, eta bakoitzak egokitzat jotzen dituen neurriak kontuan, euskarazko sistema eragilea aurretik barneratuta daraman hardwarea eskuratzearen aldeko ekintzak bultzatuko dituzte.
Uste dut pixka bat ezjakina naizela: inon saltzen dute euskarazko Windowsa dakarren hardwarerik? Eusko Jaurlaritzak bere etxean euskarazko softwarea erabiltzen du?
Tira, laster gehiago, ziur…