Hamar urte Mozillarekin
Denbora hegan doa. Dagoeneko hamar urte pasa dira Netscape Communications-ek bere nabigatzailearen iturburu-kodea askatu zuenetik. Hori izan zen Mozilla proiektuaren abiapuntua. Oroitzapen gozoak datozkit kaskezurrera: lehenik Netscape zaharrarekin, 2.x bertsioren bat izan da inoiz ikusi dudan lehen nabigatzailea —Windows 3.1ean— eta gero 4.x erabili nuelako KDE 1.1.2-ekin batera. Gero Mozillarekin, suitearen bertsio asko pasa baitziren gure makinetatik —M13, M17, 0.9.3, 0.97, …— 1.0.0 bertsiora iritsi aurretik.
Hortik aurrerakoa istorio jakina da. Phoenix-en garapenari ekin zioten suitea banatu eta nabigatzaile arina sortzeko eta pixkanaka-pixkanaka jendearen arreta pizten joan zen. Egia da lehen bertsio haiek oso desegonkorrak zirela baina garapenak aurrera jarraitu zuen, Firebird izenarekin orain, arazo legalak tarteko. Legearekin arazo gehiago izan zituzten izen berriarekin eta ondorioz, txoria egun ezagutzen dugun azeri bilakatu zen, Firefox. Tartean sartu behar da, halaber, Mozilla fundazioa sortzea, Netscape-ren dirulaguntzarekin.
Hasiera batean Netscape izan zen nagusi nabigatzaileen munduan, gero gainbeheran erori zen Internet Explorerren aurrean eta egun tortillari buelta ematen gabiltzala dirudi. Honen guztiaren errepaso laburra egin dute mozillalinks-en. Hori ez ezik, nabigatzaileen historia guztia testuinguruan ezinhobe azaltzen duen posterra egin dute foxkeh gunean.
