ertza

software librea eta euskararen arteko ertzean.


OpenID estandarra bilakatzeko bidean?

Galderaren erantzuna inoiz baino gertuago egon daiteke, oraingoan Google, Yahoo!, IBM, Microsoft eta Verisign bezalako enpresa handiak izan direlako OpenID fundazioari babesa ematea erabaki dutenak. Aurretik izan dira urrats esanguratsu bezain garrantzitsuak, batez ere Google eta Yahoo!-ren aldetik. Gaurko urratsa haratago doa baina, behin betiko haize-ufada izan daitekeelako norantza horretan arraunean dabiltzanentzat. Hori gutxi balitz, zurrumurruek pentsaraz diezagukete Google izan daitekeela OpenID hornitzaileetan hurrena eta horren eraginez, OpenID estandarra izateko urrats handi bat emana legoke.

Yahoo! eta OpenID eskutik helduta

Pixkanaka-pixkanaka OpenID bidezko egiaztatzea hedatzen doa eta bide horretan bultzada nabarmena Yahoo!-k emango du, izan ere, aste hontan bertan jakin dugunez, edonoren eskura utziko baitu OpenID zerbitzua urtarrilaren 30etik aurrera, beta publiko gisa. Horrela, Yahoo! ID bakoitza OpenID euskarria duten guneetan erabili ahal izango da saioa hasi edo informazio pertsonala partekatzeko.

Aurretik aipatu genuen Bloggerreko iruzkinetan OpenIDren euskarria gaitu zela. Gainera, zurrumurruek Yahoo!-ren norantza berean jartzen dute Google, hau da, baliteke hemendik gutxira Googlen kontu bakoitza OpenID bezala erabiltzeko aukera izatea.

OpenID bidezko egiaztatzea Bloggerreko iruzkinetan

Hala irakurri dut dirson blogean, laster erabili ahal izango dela OpenID bidezko egiaztatzea Bloggerren iruzkinak idaztean. Ezaugarri berri honen irudi batzuk ikus daitezke Blogger in Draft blogean.
Bultzada serioa izan daiteke egiaztatze-sistema honentzat. Ikusiko dugu denborarekin.

OpenID — Identitatea 2.0

Gaur egun blog asko eta asko irakurtzen ditugu eta horietako zenbaitetan iruzkinak utzi ere bai. Blog bakoitzeko gainera, gure datuak sartzen ibili behar gara. Gune gehienek gure informazioa cookie bitartez gogoratzeko aukera ematen badute ere, ukaezina da blog bakoitzeko datuak idatzi beharra nekagarria dela. Besteak beste arazo honi aurre egitea ahalbidetzen du OpenID-k. Handik eta hemendik irakurritakoa batuz sortutako dokumentu xume bat besterik ez da hau. Gehiago jakin nahi?
(more…)