OpenSocial aurkeztu berriak sortu duen zalaparta ikusita, horren atzean zer ezkutatzen den jakin nahi izan dut. Gari Araolazak Faktoria irratsaioan azaldu du gainetik zer den OpenSocial baina berak egindako baieztapen batzuekin ez nago erabat ados.
OpenSocial API bat da garatzaileek aplikazio sozialak garatzeko, bai bezero nahiz zerbitzari atalean. API honen bitartez sare sozial batean beste sare sozialetako informazioa ekarri ahal izango da, widget forman. Hau da, sare sozialak sare sozialen barruan integratzen dira, sare horren mugak gaindituz.
Baina OpenSocial ez da egiaztatze-sistema bat —beste batzuk ere nahastu dira honekin—, ez da single sign-on. Hortaz saioa leku batean hasteak ez dakar gainontzeko tokietan saioa hasita izatea. Gure informazioa sare sozial batean egongo da —adibidez myspacen— eta gune hori OpenSocial inplementatuta daukaten gainontzeko sareekin komunikatzeko gai izango da gure informazioa elkartrukatzeko. OpenSocialek loturak egiten ditu eta ondorioz informazio gehiago daukagu eskura.
Bestetik, informazioa ez da Googlen eskutan erortzen. Gure datuak sare sozial jakin batek izango ditu, bertan izen emanda gauden heinean eta beraz ez du Googlen kontuekin zerikusirik. Googlek hainbat sareen arteko adostasuna lortu du API amankomun bat inplementatzeko, industriako estandar bat izango dena. Horrela, garatzaileei buruhauste bat baino gehiago kenduko dizkie gainetik, ez baitute sare sozial bakoitzeko aplikazio berri bat garatu beharko; bakarrarekin nahikoa da.

Zalantzak uxatu eta adibide errealak ikusteko, Google berak egindako aurkezpen-sorta baten bideoa oso lagungarri izango zaizue. Era berean, OpenSocialei buruz egin ditzakegun oinarrizko galderak argitzea ezinbestekoa da. Azkenik, blog sarrera honek teknologia sozial ezberdinen sailkapena ulertzen lagunduko digu.