ertza

software librea eta euskararen arteko ertzean.


Wireless kontrolatzaile berriak 2.6.24 kernelean

Ateratzear den Linux 2.6.24 kernelak nobedade asko eta garrantzitsuak izango ditu, esaterako hobekuntzak hainbat zalaparta eragin duen CFS schedulerrean edo tickless moduaren hedapena arkitektura gehiagotara.

Baina batez ere nabarmentzekoa da hainbat buruhauste ematen dituzten wireless gailuentzat kontrolatzaile berriak izango ditugula. Aspalditik nabil hauen garapena jarraitzen, bereziki prism chipseta dutenena. Aurretik bazuten euskarria kernelean prism54 kontrolatzailearekin, baina txartelak perretxikoak bezala saltzen hasi zirenean —APak egiteko gehienbat—, fabrikatzaileek kostuak merketzeko txarteletan softmac firmwarea erabiltzen hasi ziren, horrek zekarrenarekin: kontrolatzaile berrien beharra eta ohiko trabak espezifikazioen faltan. Asmatu ze txartel erosi nuen nik… (prism gt motakoa zelakoan!)

Hortaz, orain arte txartel horiek —eta beste asko!— martxan jartzeko modu bakarra NDISwrapper erabiltzea zen, Windowseko kontrolatzailearekin batera. Horrek gainera hainbat muga ezartzen zituen, adibidez txartelak ezin baitziren jarri monitor edo master moduetan edo datuen zenbait zifratze-modu ezin baitziren erabili. Hemendik aurrera ordea panoramak onera egingo du eta prism chipseta duten gailuentzat (softmac, PCI eta USB) p54 kontrolatzailea erabili ahal izango dugu. Ondorioz, eraginkortasun eta segurtasunean irabaziko dugu nabarmen. Gainera, sisteman kontrolatzaile jabedun bat gutxiago izango dugu (gehiago ba al da?).

Adi beraz, kernel berria laster izango da eta horrekin buruhauste askoren amaiera etor daitekeelako!
Kontrolatzaile berri guztien zerrenda Kernel Newbies-en prestatu duten orrian aurki dezakezue.