CLISPen —Common Lispen inplementazio libre bat— terminaleko programa bat exekutatzeko beharraren aurrean irtenbide bat bilatu behar izan dut, irakasleak LispWorksen bakarrik dabilen kodea eman baitigu. Gauzak horrela eta zenbait bilaketen ondoren eman dut soluzioarekin: ext paketea.
Pakete honetan gainera, bi aukera ditugu eskura: run-program eta run-shell-command. Lehenengoari programaren izena pasa behar zaio karaktere-kate batean eta ondoren programak jasoko dituen argumentuen zerrenda —list bat—. Bigarrenak aldiz zuzenean terminaleko komando bat exekutatuko bagenu bezala interpretatzen du emandako katea. Hortaz, bigarren aukeraren sinpletasunari egin diot men:
(ext:run-shell-command (format nil "dot -Tpng ~a -o ~a" dot png))
LOGOk 40 urte bete dituela jakin berri dut Slashdoten eta horrekin batera oroitzapen gozoak etorri dira dortoka forman: lehenengo informatika klasetan Windows 3.1pean Win-Logorekin egindako marrazkitxo haiek…

Baina horrekin batera jakin dut LOGOren atzetik Lisp programazio-lengoaia dagoela —hau aitontzar bat LOGOren aldean, ia 50 urte!—. Azken aste hauetan hasi berri naiz Lispekin lehenengo txapuzak egiten eta hara kasualitateak nolakoak diren, nik uste bainuen nire bizitzan gauza berria zela Lisp baina hamaika urte lehenago ere hortxe izan nuen muturren aurrean. av 30 gd 90 eta tankerako aginduekin hasi ginen programatzen, baina artean txikiegiak ginen horretaz konturatzeko.