Firefox 3ren gainbegiratuarekin amaitzeko euskarazko lokalizazioan egin den lana azaleratu nahi nuke. Hilabete luzetako lana izan da eta ahalik eta emaitzarik osoena lortzen saiatu gara Librezalen, nahiz eta beti aurkitzen diren akats berriak. Baliabide (pertsona) faltak ere zeresan handia izan du eta ez gara nekatuko jendea parte hartzera animatzen; hortxe duzue mozilla posta-zerrenda edozertarako, bertan ematen da eztabaida nagusia eta zuek ere parte har dezakezue.
Lokalizazioan murgilduz, batetik itzulpena bera aipatu behar da, hau baita ikusten den lanaren zatirik handiena. Oinarrizko estilo irizpide batzuk finkatu eta horiek ezartzen saiatu gara. Lan handia izan da, Firefox 2an zegoena ia guztiz berridaztea baitzekarren aldaketak. Beste saiakera nagusia terminologia bateratzen egin da, azken emaitzaren kontsistentzia bilatze aldera.
Itzulpenarena baino eremu handiagoa hartzen du lokalizazioak ordea eta ildo horretan ere ahaleginak egin dira. Emaitzak hainbat lekutan ikus daitezkeen arren, bi zati nabarmenduko ditut: bilaketa-barra eta lineako jario irakurgailuak.
Bilaketa-barrari dagokionez, batetik Euskarazko Wikipediarako bilaketa gomendioak gaitu dira. Horrela, bilaketa-motorren artean Wikipedia aukeratuta dagoenean, testu-kutxan hitz hasiera idatzi eta automatikoki hainbat gomendio emango zaizkigu.
Bestetik, Elebila euskarazko bilatzailea gehitu da bilaketa-barran. Firefox 3 instalatzean beraz, Elebila modu zuzenean erabiltzeko ez da beharrezkoa izango inolako plugin-ik instalatzea.
Euskarazko Wikipedian gomendioak bistaratzen dira orain.
Lineako jario irakurgailuen atalean, bestalde, euskaraz dauden bi tresna gehitu zaizkio aurretik Bloglines, Google Reader eta My Yahoo!-k osatzen zuten zerrendari: Alesti eta Netvibes
Lineako jario irakurgailu berriak ditu Firefox 3k.
Aipatutako guztiaz gain, ezin dezakegu ahantzi Xuxen zuzentzaile ortografikoa, zenbaitzuen eguneroko lanerako ezinbesteko osagarria dena. Ikuspegi teknikotik, Firefox 3an ortografia-egiaztatzaileak aldaketak jasan ditu, atzetik Hunspell motorra erabiliko baitu. Motor hau atzerantz bateragarria da Myspell-ekin eta, hortaz, Firefox 2an erabil zitekeen hiztegia bertsio berrian ere erabil daiteke. Edonola ere, motor berriaren onurak baliatzeko, espero dugu laster jarri ahal izatea denon eskura Hunspell motorreko hiztegia gehigarri gisa.
Azkenik, gogoratu bertsio honetan edozein akats topatuz gero Librezaleko wikia edo posta-zerrenda zabalik daudela hauen berri emateko.