Galderaren erantzuna inoiz baino gertuago egon daiteke, oraingoan Google, Yahoo!, IBM, Microsoft eta Verisign bezalako enpresa handiak izan direlako OpenID fundazioari babesa ematea erabaki dutenak. Aurretik izan dira urrats esanguratsu bezain garrantzitsuak, batez ere Google eta Yahoo!-ren aldetik. Gaurko urratsa haratago doa baina, behin betiko haize-ufada izan daitekeelako norantza horretan arraunean dabiltzanentzat. Hori gutxi balitz, zurrumurruek pentsaraz diezagukete Google izan daitekeela OpenID hornitzaileetan hurrena eta horren eraginez, OpenID estandarra izateko urrats handi bat emana legoke.
Pixkanaka-pixkanaka OpenID bidezko egiaztatzea hedatzen doa eta bide horretan bultzada nabarmena Yahoo!-k emango du, izan ere, aste hontan bertan jakin dugunez, edonoren eskura utziko baitu OpenID zerbitzua urtarrilaren 30etik aurrera, beta publiko gisa. Horrela, Yahoo! ID bakoitza OpenID euskarria duten guneetan erabili ahal izango da saioa hasi edo informazio pertsonala partekatzeko.
Aurretik aipatu genuen Bloggerreko iruzkinetan OpenIDren euskarria gaitu zela. Gainera, zurrumurruek Yahoo!-ren norantza berean jartzen dute Google, hau da, baliteke hemendik gutxira Googlen kontu bakoitza OpenID bezala erabiltzeko aukera izatea.